Eugenio Arraiza: "Erronka handia da liburua Azpeitian, Sindikatu Zaharrean, aurkeztea"

Uztarria.eus 2014ko urr. 24a, 12:45

Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936) jesuitak Fiebre en los conventos. Azpeitia-Azkoitia 1959-1962 liburua aurkeztuko du gaur, ostirala, Sindikatu Zaharrean, 19:30ean hasita. Sindikatu Zaharrean izango da, Arraiza Loiolan jesuita izateko ikasketak egiten ari zela bertan elkartzen zelako JOCeko gazteekin. Uztarria.com-ek iruindarrarekin hitz egin du bere memorien zazpigarren liburuaz eta Azpeitian pasatutako garaiez.

Zure memorien zazpigarren liburua da gaur aurkeztuko duzuna.

Bai, poliki-poliki ari naiz memoriak idazten. Oraingo honetan 24-25 urte nitueneko kontuak jaso ditut. Azpeitian, Loiolan, hiru urte igaro nituen. Mila gauza ditut kontatzeko. Gogoratzen naiz jesuita izateko ikasi behar genituen ikasgaiak latinez, itsusiak eta atzeratuak zirela. Gerora sartu nintzen Azpeitiko JOC (Juventud Obrera Cristiana) taldean. Horrez gain, lagundu nuen eskola profesionala sortzen. Irratian ere hasi nintzen. Garai hartan ez nintzen euskalduna, eta Herri Irratian gazteleraz jarduten genuen. Gogoan dut Garmendipetik nola eman genuen partidaren berri gazteleraz. Pentsa zer desastrea! Eskerrak ez dagoen grabatuta.

Azpeitiko JOC taldea aipatu duzu. Zer zen zehazki?

Azpeitira iritsi nintzenean zer egin nebilkien buruan. Bagenuen aukera Loiolako harresietatik ateratzeko. Orduan, Azpeitiko Udalak erabaki zuen jesuitei gauzak egiteko Enparan kalean zegoen aretoa eskaintzea. Ordura arte Frente de Juventudes-ek erabili zuen lokal hura, eta udalbatzarrean erabaki zuten jesuitei uztea. Aukera polita zela-eta, bi filosofo joan ginen bertara, eta JOCekoekin aritu nintzen hiru urte haietan lanean. JOC Juventud Obrera Cristiana zen. Apaiz langilea izan nahi nuen, eta langile mugimenduan hasteko JOCera jo nuen. Pozik aritu ginen, egia esan. Gipuzkoa osoan zegoen zabalduta mugimendua, eta herri batzuetan indar gehiago zuen, besteetan gutxiago, baina mugimendu polita zen.

Indar handia al zuen JOCek Azpeitian?

Bai, dezentekoa. JOCen hainbat gauza egiten genuen. Oso sistema erraza erabiltzen zuen JOCek. Joaten zinen bilerara eta gai batzuk ateratzen zituzten mahai gainera: lana edo familia, adibidez. Gai horiek hartu eta ebangelioan-eta zer esaten zuten horretaz begiratzen genuen. Gero, aholkuak jaso eta hurrengo asterako zer egin genezaken zehazten genuen. Epe luzerako helburuak ere bagenituen, noski, baina epe motzekoekin aritzen ginen, batez ere. JOCen argi ikusten zen zer egoera zuten herriko gazteek. Ikasleak ziren, eskubide gabeak, behar izugarria zegoen etxe guztietan, eta interesgarria zen haiekin lanean aritzea. Gogoan dut antolatu genuen futbol txapelketa. Hamar bat talde osatu ziren, eta Garmendipen jokatu genuen. 60-70 lagun aritu ziren futbolean.

Loiolan hiru urte egin zenituen. Zer oroitzapen duzu ikasle garai hartaz?

Jesuita ikasketak nahiko luzeak izaten dira. Lehen bi urtez izana nintzen Loiolan nobiziadoan. Gero, junioradoa egitera Aragoira joan nintzen, galdutako monastegi batera. Ondoren, filosofia ikasketak egiteko itzuli nintzen Loiolara, eta hiru urte igaro nituen han. Gero, magisteritza deitzen zitzaiona egin nuen bizpahiru urtez, kolegio edo eskola profesionalean irakasle gisa.

Liburuaren aurkezpena Sindikatu Zaharrean izango da, JOCekoekin elkartzen zinen tokian.

Oroitzapen indartsuak datozkit burura. Sindikatu Zaharrera egin genuen sarrera nahiko traketsa izan zen, baina beno. Ostegunero han elkartzen ginen. Gogoz nago, eta erronka handia da niretzat liburua han, Azpeitian, aurkeztea. Garai hartan, hiru urte haietan, dena erderaz egiten genuen, bilerak-eta. Hori zen JOCeko ohitura. Toki guztietan hala aritzen ginen. Gaur egun, lotsagarria iruditzen zait, baina garai haietan... Liburuan ikusten dira orduko astakeriak. Jasota dira kartel batzuen irudiak liburuan: Chiki ch-rekin idatzita, or konpon h-rik gabe... Francoren garaia zen. Garai haiek gaindituta daudela erakusteko balioko dit gaurkoak, eta euskaraz egingo dut aurkezpena.