'Urola Gustagarri'-ren II.en edizioa martxan izango da bihartik aurrera

Uztarria.eus 2014ko urr. 24a, 18:38
Urola Gustagarri II.aren aurkezpena.

Eskualdeko gastronomia sustatzeko asmoarekin, menu bereziak, bisita gidatuak eta dastaketak antolatu dituzte, abenduaren 8a bitartean. Herrian, Sagati Zaharrek, Larrañagak, Kirurik, Mikel Uriak eta Jai Alaik hartu dute parte egitasmoan.

Urola Gustagarri-ren II.en edizioa martxan jarriko dute bihar, zapatuan, Urola Erdian. Ekintza horrek eskualdeko gastronomia eta produktuak sustatzea du helburu, eta hori lortzeko honako ekimenak antolatu dituzte inguruetako jatetxeek, Urkome eta Iraurgi Berritzenekin batera: bertako produktuekin osatutako menuak, bisita gidatuak, dastaketak edo profesionalen topaketak. Egitasmoaren bigarren edizioa bihar hasiko da, eta abenduaren 8an, astelehena, amaituko da. Herriko bost jatetxek parte hartu dute Urola Gustagarrin: Sagasti Zaharrek, Larrañagak, Kirurik, Mikel Uriak eta Jai Alaik.

Honako ekintzez goza daiteke bihartik aurrera:

  • Menuak: Baserriko Labeldun Txerriarekin eta Errezil Sagarrarekin osatutako jatordu bereziak.
  • Ekintzak: bisita gidatuak baserrietara eta ustiategietara.
  • "Gastro-ekimenak": dastaketak eta sektoreko topaketak.
  • Ohiko eskaintza truistikoa.

Asteburu honetarako, antolatu dute ekintza bat dagoeneko. Igandean, hilaren 26an, bisita gidatua izango da Añota Sagardotegian. 12:00etan hasita, sagastitik kupelera egingo dute bueltaxka, eta sagardoaren prozesu guztia azalduko zaie parte-hartzaileei. Amaieran, 2013ko uztatik ateratako sagardoa dastatzeko aukera egongo da, mokaduarekin. Horretarako, beharrezkoa da aurrez izena ematea, 943 81 20 92 zenbakira deituta.

Urola Gustagarri-ren helburua da, bertako produktuak eta sukaldaritza bultzatuz, eskualdean aisialdirako eskaintza sortzea. Haien arabera, eskaintza gastronomikoa turistikoaren osagarri da. Eskaintza "paregabea" sortu dutelakoan daude antolatzaileak, eta Urola Erdiko garapenaren alde egingo dute lana. Urola Gustagarri Iraurgi Berritzen eta Urkome erakundeek jarri zuten martxan, martxoan.