40 azpeitiar odol emaile omendu dituzte

Uztarria.eus 2014ko urr. 27a, 10:45

Egun berezia izan zen atzokoa eskualdeko odol-emaileentzat. Urteroko legez, batzarrean eta ondorengo oroigarri banaketan Azpeitiko, Azkoitiko, Zumaiako, Zarauzko, Aizarnazabalgo, Errezilgo, Getariako, Itziarko, Zestoako eta Arroako herritarrek hartu zuten parte. 

40 azpeitiar omendu zituzten. Bi azpeitiarrek odol-emaile bikainaren diploma jaso zuten, odola 75 aldiz eman dutelako. Hamabi gizonek eta bost emakumen urrezko oroigarria jaso zuten. Odola 50 alditan edo gehiagotan emateagatik eskuratu zuten gizonezkoek, eta 40 alditan eman dutelako emakumeek. Horiez gain, 25 odol-emate egin osteko zilarrezko oroigarria 22 herritarrek jaso zuten. Orotara, eskualdeko omendu guztien artean 6.550 bat odol-poltsa eman dituztela jakinarazi zuten. 

Festa giroan pasatu zuten eguna Loiolara bertaratutakoek. Aurrena meza izan zuten Basilikan, gero oroigarri banaketa eta omenaldia egin zituzten, eta segidan, bazkaria egin zuten Kiruri jatetxean.

Odol ateratzea, asteazkenean

Datorren asteazkenean, hilaren 29an, izango da hurrengo odol ateratzea, anbulatorioan. Ohi bezala, 17:00etatik 21:00etara egongo da odola emateko aukera.