Lan txukuna egiten ari da Xaputarrak xake taldea Gipuzkoako txapelketan

Uztarria.eus 2014ko urr. 27a, 16:35
Xaputarrak xake taldeko kidea.

Banakako Gipuzkoako Xake Txapelketa jokatzen ari dira Donostian, eta zazpi azpeitiar daude bertan. Maila Absolutuan, Aitor Priya ari da lehiatzen; eta Hirugarren Mailan, berriz, Patxi Isasmendi, Aitor Elustondo, Eneko Alberdi, Iñaki Uranga, Daniel Veselinov eta Iosu Oiarzabal. Emaitza onak izaten ari dira, xake taldearen esanetan.

Xaputarrak xake taldeak zazpi azpeitiar sartu ditu Banakako Gipuzkoako Xake Txapelketan. Bi mailatan banatuta daude herritarrak: batetik, Aitor Priya dugu, Maila Absolutuan; bestetik, Patxi Isasmendi, Aitor Elustondo, Eneko Alberdi, Iñaki Uranga, Daniel Veselinov eta Iosu Oiarzabal, Hirugarren Mailan. Txapelketa horretan partida makaletara ari dira lehiatzen, hau da, 90 minutuko probak egiten dituzte jokalariek. Zazpi jardunaldi izango ditu lehiaketak, eta dagoeneko jokatu dituzte horietako lau.

Aitor Priyak, orain arte, garaipen bat eta berdinketa bat eskuratu ditu, eta Xake taldearen hitzetan, horiek emaitza "onak" dira. Izan ere, Priya aspaldian xakean aritu gabe dago, eta aurkariek "maila ona" dute. Bestalde, hirugarren mailan, Eneko Alberdik hiru partidutik hiru irabazi ditu. Aitor Elustondok eta Iñaki Urangak, berriz, bina garaipen eta berdinketa bana egin dituzte, eta Patxi Isasmendik partida bat irabaztea lortu du. Xake taldekoek azaldu dutenez, herritar horiek dira mailaz igotzeko aukerak dituztenak. 

Gainontzekoek, Daniel Veselinovek eta Iosu Oiarzabalek, puntu bana soilik lortu dute, beraz, zaila izango da aurten Bigarren Mailara sartzea. Hala ere, oraindik hiru jardunaldi falta dira, eta Xaputarrak xake taldeko kideek gogor ekingo diote erronkari. Datorren astean izango da hurrengo jardunaldia, Donostiako Gros auzoan.