Mikel Larrañaga: "Zapatuan lan txukuna egiteko gai ikusten naiz"

Uztarria.eus 2014ko urr. 28a, 19:04
Larrañaga, Gipuzkoako txapelketan.

Mikel Larrañaga azpeitiarrak Euskal Herriko Bigarren Mailako Aizkora Txapelketako finala jokatuko du larunbatean. Asteasuko pilotalekuan izango da proba, 18:00etatik aurrera. Lehen bi sailkatuak Lehen Mailara igoko dira; eta horixe da Larrañagaren helburua, mailaz igotzea.

Euskal Herriko Bigarren Mailako Aizkora Txapelketako finala jokatuko du Mikel Larrañaga azpeitiarrak, zapatuan, azaroaren 1ean. Proba Asteasuko (Gipuzkoa) pilotalekuan izango da, 18:00etan hasita. Larrañagarekin batera beste bost aizkolari arituko dira. Hain zuzen, honakoak dira finalean izango diren kirolariak:

  • Mikel Larrañaga.
  • Arkaitz Jauregi.
  • Aratz Mugerza.
  • Ugaitz Mugerza.
  • Eneko Otaño.
  • Luis Mari Txapartegi.

Lehiaketa garrantzitsua da igandekoa Azpeitiko aizkolariarentzat, lehen bi sailkatuak Lehen Mailara igoko baitira. Lan hauek egingo dituzte parte-hartzaileek: 

  • 54 ontzako bi enbor.
  • 60 ontzako bi enbor.
  • 72 ontzako bi enbor.

Larrañaga baikor dago

Herriko aizkolariak "oso ondo" ikusten du bere burua, eta guztia emango du Lehen Mailara igotzeko. Izan ere, helburu horrekin joango da zapatuan Asteasura: "Lan txukuna egiteko gai ikusten naiz, horretarako entrenatu dut, eta ea aurten lortzen dugun erronka". Joan den urtean laugarren postuan gelditu zen kirolaria, baina oso estu ibili ziren lehen sailkatuak.

Bestalde, Gipuzkoako Lehen Mailako Aizkolari Txapelketa irabazi zuen Larrañagak uztailean. Aizkolariak azaldu duenez, konfiantza eman zion garaipen hark, eta lanean gogor jarraitu du: "Gipuzkoako txapelketan ondo egin nien kontra aurkariei, eta horrek zer pentsatua ematen dizu, jakina". Hala ere, oinak lurrean, "beti bezala" jardun du entrenatzen azpeitiarrak: mendi bueltak, aizkora saioak eta abar egin ditu uztaileko proba irabazi zuenetik.