Bihar hasiko da VII. Bertso Parranda, Korraleko kanporaketarekin

Uztarria.eus 2014ko urr. 30a, 10:52
Aurreko edizio bateko finala Gaztetxean.

Aurtengoa VII. edizioa izango da, eta hiru bertsolariz osatutako zortzi taldek hartuko dute parte. Bihar hasita, datozen lau ostiraletan kanporaketak jokatuko dira, eta saio horietako irabazleak finalerdietara sailkatuko dira zuzenean. Finala abenduaren 12an izango da Gaztetxean.

Bihar, ostirala, hasiko da bi urtez behin egin ohi den Bertso Parranda, Korrale tabernan jokatuko den kanporaketarekin. Aurtengoa VII. edizioa izango da, eta hiru bertsolariz osatutako zortzi taldek hartuko dute parte. Finalerdien aurretik eta bihar hasita, lau kanporaketa jokatuko dituzte; hiru Azpeitian eta bat Azkoitian. Saio horietako talde irabazleak Azkoitian eta Errezilen jokatuko diren finalerdietan izango dira. Finala, berriz, Azpeitiko Gaztetxean izango da abenduaren 12an.

Biharko saioa izango da kanporaketetan aurrena. Korralen izango da 23:00etan hasita, eta bi talde izango dira oholtzan: Iban Altunak, Oier Etxeberriak eta Asier Garate Txibilter-ek osatutako hirukotea eta Eneritz Arzallusek, Maddi Gallastegik, Josu Oiarzabal Xenpelar-ek osatutako taldeaBiharko saioaren irabazlea finalerdietara sailkatuko da zuzenean.

Hemen egutegi osoa:

  • Urriak 31, ostirala: Korralen izango da kanporaketa 23:00etan hasita. Taldeak: Iban Altuna, Oier Etxeberria eta Asier Garate Txibilter, eta Eneritz Arzallus, Maddi Gallastegi eta Josu Oiarzabal Xenpelar.
  • Azaroak 7, ostirala: Txarrantxa tabernan izango da 23:00etatik aurrera. Taldeak: Iñigo Ibañez, Ander Urbieta eta Eneritz Artetxe, eta Jon Gurrutxaga, Nekane Zinkunegi eta Ugaitz Beristain.
  • Azaroak 14, ostirala: Azkoitiko Etxe-Aitz tabernan izango da 23:00etan hasita. Taldeak: Silvia Etxaniz, Malen Amenabar eta Haritz Garmendia, eta Jokin Sudupe Pio, Jon Ander Iriondo eta Jokin Uranga.
  • Azaroak 21, ostirala: Leire Ostolaza, Beñat Lizaso eta Unai Etxaniz, eta Haritz Etxeberria Ministro, Aitor Salegi eta Gorka Olaizola.
  • Azaroak 28, ostirala: Azkoitiko Zurt tabernan jokatuko da aurreneko finalerdia 23:00etatik aurrera.
  • Abenduak 5, ostirala: Errezilgo Borondegin jokatuko da bigarren finalerdia 23:00etan hasita.
  • Abenduak 12, ostirala: Finalerdietako bi irabazleek jokatuko dute finala Azpeitiko Gaztetxean, 23:00etan.