Mikel Larrañagak irabazi du Euskal Herriko Bigarren Mailako Aizkora Txapelketa

Uztarria.eus 2014ko aza. 3a, 11:00
Larrañaga, lana amaitu ostean.

Lehen Mailan lehiatuko da azpeitiarra datorren urtean. Izan ere, zapatuko probako lehen bi sailkatuak igoko dira kategoriaz: Mikel Larrañaga eta Ugaitz Mugerza. 19:59 minututan amaitu zituen lanak azpeitiarrak, eta 34 segundora, berriz, mutrikuarrak. Saioa bukatu ostean, Uztarria.com-ekin hitz egin zuen Azpeitiko aizkolariak. 

Euskal Herriko Bigarren Mailako Aizkora Txapelketa irabazi du Mikel Larrañagak; eta, horrenbestez, Lehen Mailan lehiatuko da azpeitiarra 2015ean. Zapatuan, azaroaren 1ean, jokatu zuten txapelketako finala, Asteasun (Gipuzkoa), eta 19:59 minututan amaitu zituen lanak Larrañagak. Ugaitz Mugerza mutrikuarra izan zen bigarrena, 34 segundora, eta hori ere kategoriaz igoko da datorren urtean. Izan ere, lehen bi sailkatuentzat zegoen saria zapatuko proban: mailaz igotzea.

Lan hauek egin zituzten aizkolariek: 54 ontzako bina enbor, 60 ontzako bina enbor eta 72 ontzako beste bi ebaki zituzten. Lanak amaituta, honakoa da finaleko sailkapena:

  1. Mikel Larrañaga.
  2. Ugaitz Mugerza.
  3. Luis Mari Txapartegi.
  4. Eneko Otaño.
  5. Arkaitz Jauregi.
  6. Aratz Mugerza.

Lehen kana-erdikoa bateratsu amaitu zuten aizkolari guztiek. Ugaitz Mugerzak hartu zien aurre gainerakoei, eta segituan amaitu zuten Larrañagak eta Jauregik ere. Hurrengo bi enborrak mozten ere Mugerza izan zen lehena: 60 ontzakoa eta 72 ontzakoa lehen postuan ebaki zituen. Bigarren zatian, ordea, Larrañaga izan zen azkarrena, eta berak amaitu zituen arinen lan guztiak.

Saioa bukatu ostean, Uztarria.com-ekin hitz egin zuen Azpeitiko aizkolariak.