Gorpuzkinen arrastorik ez

Uztarria.eus 2014ko aza. 3a, 14:43
Aranzadiko kideak Urrestillan, hobiak aurkitu nahian.

Joan zen ostegunetik atzora arte Urrestillako hilobiaren kanpokaldean izan dira Aranzadi elkarteko kideak gerra garaiko hobi komunetako baten bila, baina ez dute gorpuzkinik aurkitu.

"Hobia hemen zegoela, eta hezurrak ere hemen ote dauden jakin nahi dugu. Egia jakitea da garrantzitsua", zioen atzo, igandea, Aranzadi elkarteko Javi Bucesek. Izan ere, joan zen ostegunetik atzora arte Urrestillako hilobiaren kanpokaldean izan dira Aranzadi elkarteko kideak gerra garaiko hobi komunetako baten bila.

Atzo eguerdia bitartean ez zuten ezer aurkitu Aranzadikoek, eta ezer aurkitzeko "gero eta aukera gutxiago" zeudela zioen Bucesek. "Ingurua aldatu egin da urteotan. Uste dugu hemen zeudela hilobiratuta, baina aukera eta hipotesi ugari dago. Baliteke obrekin edo pinuak kentzerakoan mugitzea hezurrak, edo norbaitek mugitzea ere posible da", zioen.

Urte guzti hauen buruan, inork ez ditu erreklamatu han egon litezkeen gorpuzkinak. Aranzadik Urrestillako hobiaz jasotako informazioaren arabera, hiru edo lau gorpu leudeke Urrestillako kanposantu ondoko hobian. Bucesek jakinarazi zuenez, Valderrama abizeneko sendagile batena izan liteke gorpuetako bat, Zabala abizena zuen kantabriar batena bestea, eta ihesi nahian zebiltzan bi bizkaitar soldadurenak beste biak. 

Gerra garaian mutil kozkorra zen eta kanposantuko gertaeraren berri zuen urrestildar batek zioenez, hildakoen familiakoak ikusten zituzten urtero hilerriaren ondoan lorak jartzen. "Gainera, hiru bala zulo zituen haritz bat zegoen han", dio urrestildarrak.