MAX taldea garaile, Bertso Parrandako lehen saioan

Uztarria.eus 2014ko aza. 3a, 13:06
Ostiraleko saioan abestu zuten bertsolariak.

Eneritz Arzallusek, Maddi Gallastegik eta Josu Oiarzabal Xenpelar-ek osatutako taldeak irabazi zuen Korraleko kanporaketa, eta azaroaren 28ko finalaurrekoan izango dira Azkoitiko Zurt tabernan.

Eneritz Arzallusek, Maddi Gallastegik eta Josu Oiarzabal Xenpelar-ek osatutako hirukotea gailendu zen ostiralean, VII. Bertso Parrandako lehenengo kanporaketan. Jende ugari bertaratu zen Korrale tabernara MAX eta TXIO taldeen arteko bertso norgehiagoka ikustera. 

TXIO taldean aldaketa bat izan zen. Iban Altunak ezin izan zuen saioan egon, eta haren ordez Haritz Etxeberria Ministro-k abestu zuen Oier Etxeberriarekin eta Asier Garate Txibilter-ekin.

Erniarraitzeko epaileek hala erabakita, Eneritz Arzallus, Maddi Gallastegi eta Josu Oiarzabal izango dira azaroaren 28an Azkoitiko Zurt tabernan jokatuko den finalerdian.

Ostiral honetan Txarrantxan izango da bigarren kanporaketa, 23:00etan hasita, eta Iñigo Ibañez, Ander Urbieta eta Eneritz Artetxe ariko dira Jon Gurrutxagaren, Nekane Zinkunegiren eta Ugaitz Beristainen kontra.