Deskontu kupoien kanpaina abiatu du Bertanek

Uztarria.eus 2014ko aza. 4a, 13:13

Herriko 53 saltokitan beherapenak eskuratu ahal izango dira Bertanek abian jarri duen deskontu kupoien kanpainari esker. Kupoiak etxez etxe banatu dituzte Azpeitian, eta Urola Kostako Hitza-ren webgunean ere eskuratu daitezke.

Bertan Azpeitiko Merkatari Elkarteak deskontu kupoien kanpaina abiatu du, eta dagoeneko banatu dituzte herriko etxeetara. Elkarteko 53 saltokik hartu dute parte egitasmoan eta, besteak beste, erropa dendetan, kirol dendetan, oinetako dendetan, opari dendetan, bitxitegietan, parafarmazietan eta margo dendetan eskuratu ahalko dira azaroan nahiz abenduan (saltoki bakoitzaren arabera) deskontuak kupoiak erabilita. Deskontu kupoiak erabiltzeko ez da Bertan txartela eduki behar, eta deskontu kupoia erakustea nahikoa da beherapena egiteko.
 
Aurreko urteetan Azpeitian eta Urrestillan banatzen ziren deskontu kupoiak, baina aurten eskualde osora zabaldu dute ekimena. Bertanekoek jakinarazi dutenez, "elkarteak jakin badaki inguruko herrietako herritar asko Azpeitira etortzen dela erosketak egitera, eta beraz, haiek ere aukera izango dute beherapenez baliatzeko".
 
Azpeitian etxez etxe banatu dituzte kupoiak, eta gainerako herrietako bizilagunek gaurtik aurrera Urola Kostako Hitza-ren webgunean eskuratu ahal izango dituzte kupoiak.