Orain dela 14.500 urte inguruko hezurrezko bi haga aurkitu dituzte Ezkuzta kobazuloan

Uztarria.eus 2014ko aza. 5a, 15:49
Eneko Etxeberria alkatea, Ikerne Badiola Kultura diputatua eta Mari Jose Iriarte ikerlari eta arkeologoa hagak aurrean dituztela, gaurko agerraldian.

Gaur erakutsi dituzte Ezkuzta leizeko indusketetan Antxieta Arkeologia Taldeak aurkitutako haga apainduak. Iberiako Penintsulan aurkitutako "pieza bakarrak" direla jakinarazi dute, eta Aranzadikoen ustez, Izturitzeko haitzuloan aurkitutako piezekin "ahaidetzeko modukoak" dira.

Gaur erakutsi dituzte Ezkuzta leizeko indusketetan aurkitutako hezurrezko bi haga apainduak Foru Aldundiko Kultura diputatu Ikerne Badiolak, Ikerbasque eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlari Mari Jose Iriartek eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak, Donostian. Izan ere, gaur jakinarazi dituzte aurten Gipuzkoan egindako indusketetako emaitzak eta aurtengo aurkikuntza "garrantzitsuena" Azpeitiko Ezkuzta koban egindakoa izan dela esan dute. Indusketak duela bi urte hasi zituzten Ezkuztan.

Ezkuzta leizeko bi hagen aurkikuntza Azpeitiko Antxieta Arkeologia taldeak egin du, Mari Jose Iriarte Ikerbasque eta Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatuta. Duela 14.500 urte inguruko hagak direla uste dute. Madeleine Aldikoak, hain zuzen. Mari Jose Iriarteren esanetan, "kalitate tekniko" oso altukoak dira hagen grabatuak, eta "sakonak" ere bai. Hagetako bat ia osorik aurkitu dute (bizpahiru zentimetro falta zaizkio), eta bestea, oso-osorik dago. 

Iberiako Penintsulan aurkitutako "pieza bakarrak" direla jakinarazi dute. Aranzadikoen aburuz, haga horiek Izturitzeko (Behe Nafarroa) haitzuloan aurkitutakoekin "ahaidetzeko modukoak" dira. Munduan 200 hagaxka baino gutxiago agertu dira oraingoz, eta horien erdiak baino gehiago Izturitzeko haitzuloan. Horrenbestez, Urolako bizilagunek Ipar Euskal Herrikoekin harremanak zituztela dioen hipotesia indartu dute aurkikuntzek.

Bi haga horiez gain, Ezkuztan egindako azken indusketetan beste hainbat pieza ere aurkitu dituztela jakinarazi dute. Aztarnategia apaintzeko izan zitezkeen piezak direla jakinarazi dute. Hala nola, itsas maskorrak, eta okrea xehatzeko erabilitako harri bat.

Dena den, Ezkuztako aztarnategia gizakiak eragindako kalteen ondorioz eraldatu egin dela jakinarazi du Aldundiak: "Kobaren zuloaren gainean harrobia egin zen eta hango leherketak tarteko, egiturak pitzatu egin ziren. Ondorioz, kobazuloan ura sartzen zen eta bertako higadura azkarragoa eginarazi du horrek". Eneko Etxeberriak bere aldetik Ezkuzta leizezuloa "babesteko" eskatu du.

Antxieta Arkeologia Taldea. Sorrera: 1965. / Gipuzkoako ikerketa arkeologikoa egiteko biltzen den taldea da. / Informazio gehiago: azpeitikokulturmahaia.com/taldeak