Patxi Saez: "Azpeitiarra izateko, ezaugarri garrantzitsua da euskara"

Uztarria.eus 2014ko aza. 7a, 10:30
Patxi Saez, Azpeitiko euskara teknikaria.

Euskarak Gipuzkoan duen egoera aztertu du Soziolinguistika Kulsterrak, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat. Ezagutzaren eta erabileraren analisia da lana, eta 1986 eta 2011 urteen arteko bilakaera du abiapuntu. Eskualdeetan eta udalerrietan banatuta dago ikerketa, eta Azpeitiko datuak ere bildu dituzte. Patxi Saez (Beasain, 1964) Azpeitiko euskara teknikariak ondorioez eta herriko egoera soziolinguistikoaz hitz egin digu.

Hamabost urte daramatzazu euskara teknikari gisa lanean, nola deskribatuko zenuke hizkuntzak herrian izan duen garapena?

Azpeitia herri euskalduna izan da, da eta, dirudienez, hala izango da. Egia da badirela galera batzuk ezagutzan eta erabileran, baina inguruko udalerriekin alderatuz gero, ondo eutsi zaio euskarari. Hori bai, ikerketan ondorioztatu dute ezagutza eta erabilera beherantz doazela, gutxinaka-gutxinaka; eta joerak beherantzat jarraitzen badu, kezkagarria izango da, Bermeon edo Lekeition gertatu den bezala. Etxeko erabileran, adibidez, zortzi puntuko jaitsiera izan du euskarak. Azpeitiarren %69k euskara du etxeko hizkuntzatzat, eta %22k, berriz, gaztelania.

Erabilera aipatu duzu, baina ezagutza ere beherantz doa Azpeitian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo jaiotako herritarren %20 soilik dira euskaldunak. Zer egiten duzue hori kontrolatzeko?

Guk inkestak edo ikerketak egiten ditugu, datuak jasotzea da gure lana: kale erabilera, herrian euskaraz dauden eskaintzak, errenta aitorpena euskaraz zenbatek egiten duten eta abar. Azkeneko kale neurketan, adibidez, ikusi genuen kale erabilera %86koa zela herrian; ezagutza, berriz, %84koa. Horrek esan nahi du azpeitiarrak oso lehialak direla.

Euskaraz ikasi nahi duten pertsonei begira, zer erraztasun eskaintzen dituzue?

Edozein herritarrek izena ematen badu Udal euskaltegian, eta eskolen %85era joaten bada, Udalak ordaintzen du bere ikastaroa. Lanean ari diren pertsonek ordaindu egin behar dute kopurua, eta gero bueltatzen zaie dena. Langabezian dauden pertsonen dirua, ordea, Udalak berak jartzen du hasieratik. Izan ere, badakigu langabezian dauden herritarrek zailtasunak izan ditzaketeela matrikula ordaintzeko.

Azken kale neurketa 2009an egin zenuten, Azkoitian ere egin berri dute. Noiz egingo duzue berriro hemen?

Berez, joan den urtean, 2013an, egin behar zen, baina ezin izan genuen gauzatu. Orain 2015-2019 euskara plana osatzen gabiltza, eta ea aukera dagoen horretarako.

Azkoitian atera diren datuak ikusita, zer gerta daitekeela aurreikusten duzu?

Zaila da hori aurreikustea. Hala ere, egia da egoera soziolinguistikoa aldatu dela herrian; eskoletan, adibidez, antzeman dugu hori, baita kalean ere. Leku batzuetan, gainera, ez dago lehen egoten zen giro euskalduna, agerian da. Irakasleak, adibidez, arduratuta daude, ikasleek gero eta gehiago hitz egiten dutelako gaztelaniaz korridoreetan edo jolastokian. Hori da gure susmoa, baina datuak behar dira behar bezala hitz egiteko. Mediku batek gaixotasuna non dagoen ikusteko azterketak egiten ditu, guretzako neurketak dira diagnostikoak.

Arnasguneen kontzeptua oso hedatuta dago jada, eta badakigu Azpeitia dela dentsitatez udalerri euskaldunenetakoa. Hala ere, zer hutsune ikusten dituzu herrian?

Gure helburua euskaraz bizitzea bada, ez da nahikoa etxean eta lagunartean euskaraz egitea. Horretarako, lanean ere euskaraz egin behar dugu. Hori falta zaigu herrian, enpresetan edo saltokietan euskara txertatzea. Orain dela gutxi prestatu du Udalak plan estrategikoa, eta han ere ikusi dute behar hori. 2025a bitartean euskararen arloan egin beharreko urratsak finkatu dituzte, eta lehentasuna eman zaio lan-munduko euskararen normalizazioari. Zergatia oso sinplea da: esna pasatzen ditugun orduen erdiak lanean egiten ditugu, beraz, derrigorrezkoa da euskaraz lan egitea euskaraz bizi nahi badugu. Kontua zera da, enpresetan badela kultura bat lana erderaz egiteko. Horrenbestez, gazte euskaldunak eta formazioa euskaraz jaso dutenak lanera joaten direnean, gaztelaniaz jardutera behartzen dituzte. Aurretik gizarteak gazte horiek prestatzen eginiko lana zapuzten da horrela, atzerapausoa da. Hori gainditu egin behar da, hori baita lehentasunezko esparrua gure herrian.

Duela gutxi jakinarazi dute zenbait udalek hedabide guztiekin euskaraz arituko direla, ETB2 barne. Ez luke Azpeitiko Udalak aitzindari izan behar horrelako erabakiak hartzen?

Gu ere horretan ari gara, beharbada, ez dugu asmatu komunikatzen. UEMAn, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean, dauden udal guztiak egin dute lanketa, baita Azpeitiko Udalak ere. Beraz, guk ere eskatu diogu ETBri errespetatzeko herritarren hizkuntz-eskubideak, ez eskatzeko erdaraz egitea. Udalari dagokionez, ordenantzan ere jasota dago: Udal ordezkariek euskaraz hitz egin behar dute hedabideen aurrean; bai aurkezpen publikoetan, baita bestelako agerraldietan ere.

Erakundeak alde batera utzita, azpeitiarrak kontziente al dira euskararen beharrez eta herritarren erantzukizunaz?

Txikitatik esan digute zenbait lekutan euskaraz hitz egitea gatazka iturri izan daitekeela, beraz, badakigu gaztelaniaz hitz eginez gero, inoiz ez dugula arazorik izango. Gu antena piztuta ibiltzen gara Azpeititik kanpora, euskaraz noiz hitz egin dezakegun jakiteko. Kontzientzia apur bat duten pertsonek soilik egiten dute, oro har, beti euskaraz. Herrian guztiok sentitzen gara oso eroso euskaraz, baina azpeitiarra Donostiara joaten denean zer gertatzen da? Zer egin behar du? Bere eremutik kanpo dago, eta askotan errazera jotzen du, hots, gaztelaniaz egitera. Azpeitian lasai bizi gara, baina pentsatu behar dugu beste udalerri batzuetako pertsonek egunero izaten dutela borroka hori. Azpeitiarrak ez daude ohituta hizkuntza gatazka horretara, eta, agian, nahi gabe, baina ez dute jakiten nola erreakzionatu. Euskal Herrian, diglosia dela-eta, uneoro gatazkan daude euskara eta gaztelania, ez dute maila bera, eta normala da horrelako egoerak sortzea. Beraz, errazkeriagatik, askotan, gaztelaniaz hitz egiten dute azpeitiarrek herritik kanpora. Gainera, euskaraz ez dakiten askok pentsatzen dute hemen bizitzeko euskara ez dela beharrezkoa, eta zenbaitek ez dute ikasten. Horrek ere, azkenean, sortzen du gatazka-egoera Euskal Herrian. Hala ere, azpeitiarrak oso euskaldunak dira, eta egunero darabilte euskara, hori kontuan izan behar dugu. Izan ere, ziur aski, beste edonork baino gehiago erabiliko dute herri honetako biztanleek euskara etxean eta lagunekin.

Hutsune hori identifikatuta, nola landu daiteke azpeitiarren kontzientzia?

Galdera zaila da. Jakingo bagenu, zerbait egin genuen honezkero. Hala ere, ez dezagun ikusi dena ilun, azpeitiarrek badute euskaldun sentimendu edo harrotasun puntu hori. Herritarrek ez dute ulertzen azpeitiar izatea euskararik gabe. Hau da, azpeitiarra izateko, ezaugarri garrantzitsua da euskara, eta herritarrak kontziente dira horretaz. Badakite herri oso euskaldunean bizi direla; gainera, askok erakusten dute beraien euskaldutasun hori herritik kanpo. Garrantzitsua da txiki-txikitatik erakustea hizkuntzarekin nola jokatu behar duten. Hor dago gakoa, transmisioan. Orain artean etxea izan da euskararen gordeleku onena, euskarak gaur egun arte iraun badu etxez etxe lan handia egin delako da, amak seme-alabei transmititu dielako; horregatik deitzen diogu ama-hizkuntza. Hizkuntza eta hizkuntzarekiko maitasuna transmititzen dira etxeetan, hori ez da galdu behar. Horregatik da horren garrantzitsua etxeko erabilera, eta, hain justu, Azpeitian beherakada jasan du faktore horrek: %8koa. Oro har, Euskal Herri osoak pairatu du jaitsiera hori.