Samartinak, lehenen Lasaon eta gero Errebalean

Uztarria.eus 2014ko aza. 7a, 11:17
Iazko Lasaoko festak.

Asteburu honetan ospatuko dituzte San Martin festak Lasaon. Datorren asteburuan, berriz, Bustinzuriko Errebalean. Bietan ala bietan egitarau zabala prestatu dute festa egunetarako.

Asteartean, hilaren 11n, izango da San Martin eguna, baina egunean bertan ez ezik, haren aurreko eta ondorengo egunetan ere izango da festa giroa han hemenka. Lasaon, esaterako, gaur, ostirala, hasiko dituzte festak. 

20:00etan botako dute txupinazoa eta, ondoren, 20:30ean bertso afaria izango da Agin Labururekin eta Uxue Alberdirekin. Ondoren, trikitilariek alaituko dute giroa. Zapaturako umeentzako egitarau oparoa prestatu dute lasaotarrek. 13:00etan gaztetxoen herri kirolak izango dira, eta ondoren haientzako bazkaria prestatuko dute. Behin bazkaria bukatuta, 15:30ak aldean, haurrentzako puzgarriak izango dira frontoian, eta 17:00etan txokolatadaz gozatu ahal izango dute.

Igandean Zestoako Idikaitz txistularien kalejirarekin hasiko dute festa eguna. Gero, Lasaon hain ohikoa den auzoko produktu eta abereen azoka izango da pilotalekuan. Festak San Martin egunarekin amaituko dira Lasaon. Asteartean 11:00etan meza izango da Zestoako parrokiako abesbatzak lagunduta.

Datorren asteburuan Errebalean

Behin Lasaoko festak bukatuta hasiko dira Bustinzuriko Errebaleko samartinak. Ostiralean, hilak 14, mus txapelketa izango da Urtzi eta Pikua tabernetan, 22:00etan hasita. Karta jokoarekin hasiko dira festak, baina zapaturako egun osoko egitaraua prestatu dute Haujijai Batzordeko kideek. Besteak beste, txistularien goiz eresia, umeen jolasak, triki-poteoa, zezen txiki eta poniak, kale bazkaria, sokamuturra eta Ingo al deu? musika taldearen kontzertua izango dira.

Samartinak Lasaon

Azaroak 7, ostirala:

20:00etan txupinazoa.

20:30ean bertso afaria.

Ondoren, trikitilariak.

Azaroak 8, zapatua:

13:00etan gaztetxoen herri kirolak.

Ondoren bazkaria.

15:30ean puzgarriak frontoian.

17:00etan txokolatada.

Azaroak 9, igandea:

11:30ean Zestoako Idikaitz taldeko txistularien kalejira eta auzoko abereen eta produktuen azoka pilotalekuan.

Azaroak 11, asteartea:

11:00etan meza.

Samartinak Bustinzuriko Errebalean

Azaroak 14, zapatua:

Mus Txapelketa Pikua eta Urtzi tabernetan, 22:00etan hasita.

Azaroak 15, zapatua:

10:00etan festei hasiera, txistularien goiz eresiarekin eta etxafuegoekin.

11:30ean ume jolasak.

13:00etan triki-poteoa.

13:00etan zezen txiki eta poniak.

14:00etan kale bazkaria Txoko soziedadean.

16:30ean sokamuturra.

19:00etan bertsolariekin poteoa.

22:00etan Ingo al deu? taldearen kontzertua.