Unplugged in Azpeitia

Uztarria.eus 2014ko aza. 7a, 13:39

Biharko kontzertuari buruzko albistea egin du Urola Kostako Hitza egunkariak. 20 bat lagunek hartuko dute parte, musikari eta tekniko artean. Kontzertu gogoangarria izango da. 

Nirvana talde famatuaren Unplugged in New York zuzeneko albuma gogoratuko dute larunbat honetan Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Sanagustinen eta Azpeitiko Kultur Mahaiaren ekimenez, "kontzertu berezia" eskainiko dute 23:00etatik aurrera Triku Musika Elkarteko kideek, Zubi Zaharreko musika taldeak eta beste hainbat norbanakok. Disko gogoangarri haren eduki bera eskainiko dute, eta sarrerak bost eurotan eskuratu ahalko dira.

Hil honetan hogei urte betetzen dira AEBetako grunge taldeak Unplugged in New York kontzertuaren diskoa kaleratu zuenetik. Kurt Cobain taldeko abeslariaren eta gitarra jotzailearen heriotzaren ostean plazaratu zen Nirvanaren lehendabiziko diskoa da, eta hura ezagutara emateko asmoz taularatuko dituzte abestiak: "Kultur Mahaiak herriko taldeei begira egiten du lana, eta iaz Metallicari egindako tributuak ondo funtzionatu zuen. Musika taldeekin zerbait egitea nahi genuen, eta disko honek 20 urte betetzen zituela ohartu ginen", esan du Aitor Bengoetxea Sanagustin kulturguneko kideak. Kontzertuan izango den musikarietako bat da bera.

Disko "esanguratsua" izan zen Unplugged in New York, "arrakastatsua". Izan ere, euren ohiko estilotik haratago joateko gai zirela erakutsi ahal izan zuten. Etziko saioa fidela izango zaio Nirvanaren kontzertuari. "Abestien ordenaz gain, itxura berdina izango du". Kontzertu akustikoa izan zen Nirvanarena, eta jatorrizkoaren eszenaratzea, atrezzoa eta giroa bera zainduko dute. "Eszenatoki baxua jarriko dugu, kandelak eta loreak ere egongo dira, eta argiztapena eta musikaren konfigurazioa antzekoa izango da. Momentua harrapatu nahi izan dugu".

Azpeitiko 20 lagun inguru elkartu dira ekimenerako. Taldetxoak sortu dituzte beraien artean, eta bakoitzak hiruzpalau abesti joko ditu. Dena den, diskoa aitzakia bat besterik ez da izan herriko musikariak elkar ezagutzeko. Izan ere, belaunaldi eta talde desberdinetako musikariak "nahastu" nahi izan dituzte, halako proiektu bat guztien artean sortu eta elkar ezagutzeko. Uztailean zabaldu zuten deialdia, eta irailean hasi ziren kontzertua prestatzen. Oraingoz, helburua lortu dutela diote.