'Unplugged in Azpeitia' kontzertua eskainiko dute herriko musikariek

Uztarria.eus 2014ko aza. 7a, 16:44

Badira hogei urte Estatu Batuetako Nirvana taldeak 'Unplugged in New York' kontzertuko diskoa kaleratu zuela. Urteurrena gogoratzeko, herriko hemezortzi musikarik omenaldia egingo diote Nirvanari, 'Unplugged in Azpeitia' emanaldiarekin. Bihar izango da kontzertua, 23:00etan, Sanagustin kulturgunean. 

Azpeitiarren tributoa duela hogei urteko kontzertuaren berdina izango da: abestiak orden berean joko dituzte, eta taularatzea ere New Yorkekoaren antzekoa izango da. Asko landu dute aurkezpena, eta ekitaldirako oholtza  baxua jarri dute, loreekin eta kandelekin.

Musikarien artean, lau taldetxo sortu dituzte, bakoitzak hiru edo lau abesti jo ditzan. Aipatzekoa da oso pertsona desberdinak ikusiko direla bihar elkarrekin oholtzan: belaunaldi desberdineko pertsonak, giro askotakoak. Beraz, Kultur Mahaiak eta Sanagustin kulturguneak antolatutako 'Unplugged in Azpeitia' tributoarekin, kontzertu ahaztezina eskaintzeaz gain, herriko musikariak biltzea eta elkar ezagutzea lortuko dute.

Ikusgai, entseguetako bideoa.