Kataluniarrek boza emateko aukera izan dute herrian

Uztarria.eus 2014ko aza. 9a, 13:24

Kataluniaren independentziari buruzko kontsulta egiten ari dira gaur, igandea, nazioan. Hala ere, Azpeitian bertan ere botoa emateko aukera izan dute herrian zein Gipuzkoan bizi diren kataluniarrek. 9:00etatik 12:00etara egon da irekita hauteslekua, eta bost pertsonek bozkatu dute. Izan ere, Udalaren ekimenez, herritar talde batek jarri du botoa emateko aukera Sanagustinpean.

Honakoak dira, Katalunian bezala, Azpeitiko hauteslekuan herritarrek erantzun dituzten galderak:

  • Katalunia estatu izatea nahi duzu? Bai/Ez.
  • Erantzuna baiezkoa izanez gero, Katalunia estatu independentea izatea nahi duzu? Bai/Ez.

Azpeitiko hauteslekua itxi duten arren, Katalunian 20:00ak bitartean egongo dira irekita. Bestalde, 22:30ean adieraziko dituzte parte-hartzearen datuak. 

Udalak gutuna igorri zion Kataluniako Generalitateari kontsultarako babesa eskaintzeko eta, behar izanez gero, hauteslekua jarriko zuela adierazteko. Horrez gain, udaletxeko balkoian ere bandera estelada jarri dute.