Basarte industriaguneko errepidea txukunduko dute Azpeitiko eta Azkoitiko udalek

Uztarria.eus 2014ko aza. 10a, 13:08

Bi udalek hitzarmena sinatu dute, eta Azpeitiko Udalak lanen aurrekontuaren %31 ordainduko du; gainerakoa, berriz, Azkoitikoak. "Utzikeria egoeran" zegoen industriaguneko errepidea txukund dute.

Azpeitia eta Azkoitia artean dagoen Basarte industriagunean errepidea txukuntzeko lanak egingo dituzte, bi herrietako udalek hala hitzartu ostean. Urrategi Alberdi Azkoitiko alkateak esan duenez, "hainbat kexa" jaso izan dituzte industriaguneko errepidearen "utzikeria" egoera dela eta, eta horregatik egingo dituzte egokitze lanak, industriaguneko errepideko 1.320 bat metrotan. Industrigunean dagoen gasolindegiaren bidegurutzetik Talleres Leandrora bitartean egingo dituzte konpontze lanak. Besteak beste, bidean dauden zuloak estali eta errepide osoa konponduko dute. Gainera, aparkalekuak ere egokituko dituzte.

Azkoitiko Udalak egin du proiektuaren alde teknikoa. Bi udalek onartu dute proiektua eta hitzarmena ere sinatuta dute. Azpeitiko Udalak lanen aurrekontuaren %31 ordainduko du; gainerakoa, berriz, Azkoitikoak. Orotara 70.427 euro kostako dira lanak. Dagoeneko zabaldu dute lanak egiteko proposamenak bidaltzeko epea. Proposamenak jaso eta aztertu ostean, urtarrilean, hasiko dituzte lanak eta hilabete horren bukaerarako amaitzea aurreikusten dute.