Alberdik eta Isasmendik mailaz igotzeko aukera dute Gipuzkoako Xake Txapelketan

Uztarria.eus 2014ko aza. 10a, 16:16

Gipuzkoako Xake Txapelketa jokatzen ari dira Xaputarrak xake taldeko kideak; eta, hain zuzen, zenbait saioren ostean, azken txanpa soilik falta zaie lehiaketa amaitzeko. Azpeitiko bi jokalarik dute mailaz igotzeko aukera, Eneko Alberdik eta Patxi Isasmendik. 4,5 eta 4 puntu dituzte, hurrenez hurren, eta hurrengo partida irabaziz gero, bigarren mailara igotzeko aukera izango dute. Hala ere, aurkarien emaitzen menpe egongo dira azpeitiarrak.

Bestalde, Azpeitiko beste bost jokalarik hartu dute parte txapelketan. Haiek, ordea, jada ez dute mailaz igotzeko aukerarik. Aitor Priyak 1,5 puntu eskuratu ditu maila Absolutuan, Iñaki Urangak eta Aitor Elustondok 2,5 puntu lortu dituzte hirugarren mailan, eta Iosu Oiartzabalek eta Daniel Veselinovek, berriz, puntu bana. 

Xake taldeko ordezkariek azaldu dutenez, "giro onean" ari dira jokatzen txapelketa, nahiz eta beste emaitza batzuk espero zituzten. Beraz, azken partida falta zaie Xaputarrak xake taldekoei txapelketa amaitzeko.