Pako Aristi: "Euskarari buruz idaztea, min bati buruz idaztea da"

Urola Kostako Hitza 2014ko aza. 11a, 10:57
Pako Aristi ‘Euskararen isobarak’ liburuaren aurkezpenean. (Erein argitaletxea)

Ostiralean Donostian aurkeztu zuen Pako Aristik (Urrestilla, Azpeitia, 1963) bere azken liburua: Euskararen isobarak, hamasei gezur handi eta koda bat. Bertan, historian zehar euskararen inguruan zabaldu diren gezurrak azaldu nahi izan ditu.

"Liburu hau ez da ondorio bat, gogoeta askoren abiapuntua baizik" esanez hasi zuen Aristik liburuaren aurkezpena. Gaurko "akats" eta "ahulgune" askoren salaketa egin nahi duela argitu du idazleak. Urrestildarraren arabera, jendeak gogoeta egitea da bere helburuetako bat: "Hori da niri gehien interesatzen zaidana. Nolabait, gure herriaren eta gure hizkuntzaren aurkako ideiak oso barneratuak dauzkagu, eta horiek detektatzea eta desaktibatzea da nire asmoa".

Pako Aristiren azken lan honen abiapuntua 2009. urtean argitaratutako liburu batean dago: 55 mentiras sobre a lingua galega, Xose Henrique Costas-ek idatzitakoa: "Mundu guztiko hizkuntza gutxituek antzeko arazoak dituzte. Gertuen dugun hizkuntza galiziera da, eta han ere kezkak dituzte. Nahiz eta bertan, jende gehiagok hitz egiten duen bertako hizkuntza hemen baino". Liburu horrek arrakasta handia izan zuela eta galizieraren inguruan botere hegemonikoak sortutako "gezurrak" desegiten zituela dio Aristik, akulturizazioa, besteak beste: "Liburu honetan, berriz, ez ditut gauza asko epaitzen, baizik eta gogoeta batzuk egiten ditut. Kazetari bezala, datuak interesatzen zaizkit eta egoera bat azaltzeko, datuak eta gertareak erabiltzen ditut".

Erreportaje osoa Urola Kostako Hitza-ren webgunean.