Gizarte Larrialdietarako Laguntzen kontusaila zabaltzeko eskatu dio Udalak Eusko Jaurlaritzari

Uztarria.eus 2014ko aza. 11a, 17:32
Etxaniz eta Portilla zinegotziak, aukezpenean.

Momentuko larrialdiei eta premiei erantzuteko diru-laguntzak Jaurlaritzak ematen dituen arren, Udalak banatzen ditu. Ekainerako agortu zen, ordea, diru-kopuru hori, eta herriko erakundeak diru gehiago eskatu du, "inoiz baino garrantzitsuagoa" delako herritarrei laguntza hori "bermatzea". 

Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara bideratutako dirua ekainerako gastatu zen Azpeitian. Hori dela eta, Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio behar horiei diru gehiago eskaintzeko. Izan ere, GLL Gizarte Larrialdietarako Laguntzak Udalak banatzen dituen arren, Jaurlaritzaren eskumena dira, eta haien irizpideen arabera kudeatzen dira. GLL diru-laguntzak momentuko larrialdiei edo premiei aurre egiteko laguntzak dira: hipoteko ordaintzeko, matxurak konpontzeko edo argindarra ordaintzeko, besteak beste.

Laguntza horiek jaso ahal izateko, herritarrek Udalera jo behar dute. Beraz, ekainetik aurrera, herriko erakundeari suertatu zaio haiei ezezkoa ematea. Horregatik, Udalak esan du ezin duela "beste aldera begiratu". Horrenbestez, Jaurlaritzari eskatu dio azpeitiarrei "laguntzen jarraitzeko", eta "beharrezko baliabideak" Udalera bideratzeko. Udal ordezkarien hitzetan, beharrezkoa da erakundeen artean "konfiantza eta ardura" izatea, baina Jaurlaritza "ez da ari bere ardura betetzen".

Krisi ekonomikoa dela eta, gero eta herritar gehiagok eskatzen dituzte Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, eta Udalaren esanetan, "inoiz baino garrantzitsuagoa" da herritarrei behar hori "bermatzea". Joan den urtean ere dirurik gabe gelditu zen Udala, baina Jaurlaritzak beste kontusail bat bideratu zuen premiak astezeko. Aurten, ordea, ez dute jaso diru gehiago.