Naroa Odriozola: "Azpeitiko gazteek eskolarekin lotu ohi dute euskara batua"

Uztarria.eus 2014ko aza. 12a, 12:00

Naroa Odriozolak (Azpeitia, 1990) Azpeitiko batxilergoko gazteen herriko hizkuntzekiko lotura afektiboa eta hizkuntza horien arteko erabilera: azpeitiarra, euskara batua, gaztelania lana aurkeztu du master amaierako proiektu gisa. Ikerketa osatzeko, herriko 40 gazterekin egin du lan azpeitiarrak, eta haiek betetako galdetegiak aztertu ditu, kuantitaboki eta kualitatiboki.

Zer dela eta egin duzu lan hau?

'Eleaniztasuna eta hezkuntza' izeneko bi urteko masterra egin dut EHUn, eta master amaierako lan gisa aurkeztu dut. Betidanik interesatu izan zaizkit euskararekin lotutako gaiak: ezagutzarekin edo erabilerarekin zerikusia dutenak. Gainera, Azpeitiko egoera oso erakargarria iruditzen zait horrelako ikerketak egiteko.

Azpeitiko gazteek euskararekiko eta gaztelaniarekiko duten jarrera afektiboa neurtzen saiatu zara. Zer lortu nahi duzu datu horietatik?

Nik ikusi nahi nuena zera zen, gaurko gazteek zer ikuspegi eta jarrera duten hizkuntzekiko. Azpeitian, gazteen artean, euskara eta gaztelania nola bizi diren jakin nahi nuen. Hala ere, nabarmendu nahi dut ikerketa horiek behin eta berriro egin behar direla; gaur eta biharko gazteak ez baitira berdinak izango, ezta gaur eta biharko hizkuntza ere. Bestalde, interesgarria izango litzateke konparaketak egitea, eta inguruko herrietan ere azterketa bera egitea.

Hasieratik banatu dituzu euskara batua eta euskalkia ikerketan. Oso argi zenuen jarrera afektiboa desberdina izango zela?

Bai, jakina. Norberak herriko hizkerarekiko duen atxikimendua eta batuarekiko duena zeharo desberdinak dira. Euskara batua oso momentu jakinetan erabiltzen dugu, eta hitz egiterakoan ere ez dugu halako jarioa. Guk herriko hizkuntza dugu barneratuta, geurea.

Ikasleentzat euskara batua hizkuntza akademikoa da?

Bai, beraiek hala adierazten dute. Izan ere, Azpeitiko gazteek eskolarekin lotu ohi dute euskara batua. Bestalde, prentsa eta telebista munduarekin ere uztartzen dute, baina ez lagunartearekin.

Lanaren hasieran aipatzen duzu Euskal Herrian euskararen ezagutza igo den arren, erabilera, oro har, jaitsi egin dela. Zer balorazio egiten duzu Azpeitiaz?

Azpeitia ez da salbuespena, eta datuek garbi erakusten dute hori. Joera dugu ezagutza hazi dela nabarmentzeko, baina uste dut ezkutatu egiten dela erabilera jaitsi egin dela. Nire lanaren marko teorikoan Estibaliz Amorrortu autorearen esana aipatzen dut; hark dioenez, 2001ean euskara inoizko egoerarik onenean aurkitzen zen, baserritik kalera jaistea lortu baitzuen. Nire galdera da: lortu dugu 2001az geroztik aurrerapausorik egitea? Ezin al da egoera hori hobetu? Adibidez, datuek diote herritarrak ez daudela gustura zerbitzu publikoetako langileen euskara gaitasunarekin.

Datuei erreparatuz gero, ikusi dugu ikasleen %97,6 harro dagoela euskaldun izateaz, baina zalantzak dituzte euskalduna izateko euskararen beharra al duten galdetzen diezunean. Ez da kontraesana?

Hori betiko eztabaida izan da Euskal Herrian, eta amaitu gabe dago. Zer da euskalduna? Eta zer ez? Gazteak ez dira salbuespena, eta haiek ere gatazka hori dute buruan. Euskalduna izatea ez dute euskararekin soilik lotzen, eta hori bitxia da. Nolanahi ere, kontuan izan behar dugu 40 ikaslerekin eginiko ikerketa dela, ezin da nahi bezala estrapolatu.

Lan munduari begira, %65,6k soilik pentsatzen du euskara baliagarria dela lana aurkitzeko. Nola ikusten duzu?

Ziur aski, hori erantzun dute euskararen aurretik beste gaitasun batzuk lehenesten dituztelako. Hau da, pentsa dezakete euskara beharrezkoa dela, baina beste faktore batzuk garrantzi handiagoa dutela. Beraiek euskara oso barneratuta dute, beraz, ez diote horrenbeste erreparatzen elementu horri. Hori guztioi gertatzen zaigu, ez dugun horri ematen diogu garrantzia.

Bestalde, ia gazte guztiek esan dute gaztelania ez dutela beraien hizkuntza gisa sentitzen. Ezezagun batekin komunikatzerakoan, ordea, ia erdiek erdara hautatzen dute.

Hori errealitatearen isla da, egunerokoan ikus dezakegu: Azpeitian bertan nahiz hemendik kanpo. Oso ohikoa da azpeitiarrak herritik kanpo lehen hitza gaztelaniaz egitea, adibidez, Donostiara joaten direnean. Euskara oraindik ez da tresna segurua; gaztelaniaz egiten baduzu, badakizu parean duzunak ulertuko zaituela, baina euskaraz eginez gero, agian ez. Kontzientzian pauso bat gehiago behar da beti euskaraz egiteko. Jarrera aldatu behar da, lehenengo hitza beti euskaraz egin behar dugu; gero, ikusiko dugu hizkuntzaz aldatu behar dugun edo ez.

Honakoa nabarmendu duzu lanean: azpeitiarrek asko maite dute beraien euskalkia, eta beti erabiltzen dute. Hala ere, aurrera begira, uste dute galtzeko arriskuan egon daitekeela. Zer iradokitzen dizu baieztapenak?

Egia esan, ikerketako ondorioetan jaso bezala, harritzekoa da. Nola senti dezakete euskalkia galtzeko beldurra, gehien maitatzen eta erabiltzen dutena bada? Uste dut zenbait gauza ez zaizkiela ondo azaldu, edo kontzeptu batzuk ez daudela garbi. Hala ere, gazteek aipatu dute beraien inguruan gaztelaniarako joera hazten ari dela; eta, agian, horrek ere eragina izan dezake beldur horretan. Jolastokian eta kalean ere entzun daitezke haurrak gaztelaniaz.

Azpeitiarra bai, baina batua eta gaztelania gaizki menderatzen dituztela uste dute gazteek. Oso kritikoak dira beraien buruarekin?

Bai, autokritika izan daiteke arrazoi bat. Gainera, uste dut euskaldunak oso kritikoak garela, batik bat, gaztelaniarekin. Segituan esaten dugu gaztelaniaz gaizki mintzatzen garela, eta askotan hori ez da errealitatea. Euskara batuari dagokionez, berriz, idazkera lantzen dute eskolan; eta, agian, hitz egiterakoan hanka-motz gera daitezke. Normala da azpeitiarra izatea beraien lehen hautua, baina batxilergoa amaitzerako jakin behar lukete euskara batuan. Hala ere, hori Euskal Herri osoan izan beharko litzateke horrela, eta udalerri askotan, D ereduan ikasi arren, gazteak ez dira gai ez euskara batuan, ez euskalkian hitz egiteko.

Ikerketarekin ondorioztatu duzu etxean gaztelaniaz egiten duten gazteek ere euskara erabiltzen dutela kalean. Hori lortzen duen herriak ezaugarri soziolinguistiko bereziak izan behar ditu, ezta?

Bai, ikusi dugu gurasoekin gaztelaniaz hitz egiten duten gazteek lagunartean euskaraz egiten dutela. Hor ikusten da Azpeitiak bizirik mantentzen duela euskara: merkatarien artean, eskoletan... gure herriak ahalbidetzen du kalean euskaraz egitea. Etxeko joerak zama handia izaten du, baina Azpeitian ikus dezakegu etxeko ohiturek baino pisu handiagoa duela inguruneak, kaleko giroak.

Lanaren amaieran proposatzen duzu interesgarria litzatekeela eskoletan lantzea ikasleek hizkuntzekiko duten ikuspegia, zailtasunak eta abar. Nola egin daiteke hori?

Bai, nire ustez landu beharreko kontua da hori. Izan ere, kontraesankorrak diren zenbait erantzun atera dira ikerketan. Horrek esan nahi du gauzak ez dituztela garbi, eta informazioa falta zaiela. "Euskara batua noiztik dugu?", "Zertarako sortu zen?", "Zertarako behar dut nik?". Horrelako galderei erantzuten lagundu behar zaie. Hizkuntzen arteko gatazka dute barruan, batik bat, euskalkiaren eta batuaren artean, eta ikusi behar dute biak euskara direla, gure hizkuntza direla. Gaztelania ere hizkuntza "txartzat" ikusten dute askok, eta arriskutsuak izan daitezke nozio horiek. Hizkuntzak pertsona aberasten du, eta kontzeptu edo ideia horiek trabak dira garapen horretarako. Biktima sentitzeari utzi behar diogu, bestela zaila da aurrera egitea.

Zure lanarekin ireki duzu bidea. Nola emango zenioke jarraipena?

Lagina zabaltzea izan daiteke lehen pausoa, datu gehiago lortzeko. Horrez gain, gustatuko litzaidake ikertzea zer faktorek ahalbidetzen duten hemengo egoera eta gazteen iritzia diren bezalakoak izatea, hau da, zerk egiten duen Azpeitia horrelako herri euskalduna. Horretarako, ordea, azterketa gehiago egin behar dira, eta udalerri gehiagotan, konparaketak egin ditzagun. Interesgarria litzateke ikerketa hau bera Urola Kostako beste udalerri batzuetan egitea, eta desberdintasunak identifikatzea. Lan asko da, baina egingarria da.