Udalaren laguntza eskertu du El Salvadorreko Provida elkarteak

Uztarria.eus 2014ko aza. 12a, 16:44

Carolina Lazo, Provida elkarteko medikua, Azpeitian izan da, eta Udalari eskerrak eman dizkio, laugarren urtez taldea diruz lagundu duelako. Provida elkarteak osasunaren, baliabide naturalen, ingurumenaren edo parekidetasunaren alde egiten du lan, besteak beste. Aurten, 15.000 euroko diru-laguntza eskaini dio Udalak El Salvadorreko taldeari. Hori dela eta, plaka eta domina bana oparitu dizkio Lazok Leire Etxaniz Gizarte saileko zinegotziari. Lazo medikuak esan du Azpeitiko Udalaren laguntzei esker, aukera izan dutela ehundaka emakumeri uteroko minbizia aurreikusteko probak egiteko.

Azpeitiko Udalak aurrekontuetako diruaren %0,7 erabiltzen du garapen bidean dauden herrialdeei laguntzeko eta nazioarteko lankidetza sustatzeko. Aurten, 96.000 euro bideratu dira jardun horretara, eta 15.000 eurorekin lagundu zaio Providari.