Mari Angeles Artola herrira itzuliko da 35 urte erbestean egon ondoren

Uztarria.eus 2014ko aza. 13a, 10:58

1979an alde egin zuen Azpeititik Iparraldera, eta Frantziak Venezuelara deportatu zuen gero. Egun Venezuelan bizi da senarrarekin eta herrira bisita egin ostean, hara itzuliko da bueltan.

35 urte herritik kanpo egin ostean, Azpeitira itzuliko da egunotan Mari Angeles Artola. 1979an alde egin zuen herritik Iparraldera, eta han atxilotu zituzten azpeitiarra eta haren senarra, beste batzuen artean. Frantziak Venezuelara deportatu zituen gero, 1984an.

Egun han bizi da senarrarekin, eta Azpeitira etorri ostean berriz hara bueltatuko da, senarra estraditatzeko eskatzen dutelako eta hark ezin duelako Euskal Herrira itzuli.

Azpeitiko Sortuk dei egin du Artolari eta bere senideei "harrera beroena eta sentikorrena" eskaintzeko. "Urte guzti hauetan ixilean pairatutako dozenaka muturreko egoera gainditzen lagundu izan dio Venezuelako herriaren elkartasunak. Orain, ordea, aingura zati bat bertan utzirik, maleta esker onez gainezka, milaka kilometrora ozeanoz bestalde piztuta mantendu izan den itsasargira, Azpeitira, itzultzeko eguna iritsi zaio azkenean", azaldu du Sortuk.

Jose Inazio Artola Mari Angelesen anaiari elkarrizketa egin zion Uztarria.com-ek joan den ekainean, eta hark azaldu zuenez, "haiek hona begira bizi dira".