Jorge del Cid: "Zaila izango da, baina txapelketa irabaztera goaz Extremadurara"

Uztarria.eus 2014ko aza. 13a, 14:19
Del Ciden autoa.

Jorge del Cid auto gidaria (Gasteiz, 1974) eta Nerea Odiozola kopilotuak Lur Gaineko Espainiako Txapelketako azken proba jokatuko dute zapatuan, hilaren 15ean, Riobolosen (Caceres, Espainia). 2010ean hasi ziren txapelketan parte hartzen, ibilgailu "txiki" batekin, baina "indar handiko" autoarekin lehiatzen diren lehen aldia da aurtengoa. Bigarren postuan dago bikotea sailkapen nagusian.

Zenbat lasterketek osatzen dute Espainiako Txapelketa?

Beti ez da berdin izaten, baina aurten sei proba egin behar ditugu. Bost egin ditugu dagoeneko, eta zapatukoa izango da azkena.

Zer emaitza lortu dituzue orain arte?

Denetik dugu. Murtzian izan zen lehen lasterketa, eta bosgarren postuan amaitu genuen. Bigarren proba Galizian izan zen, han turboa apurtu zitzaigun, eta ezin izan genuen bukatu ibilbidea. Ondoren, Malagara joan ginen, eta hirugarren postua eskuratu genuen. Malagako lasterketa Dani Romok irabazi zuen, aurten Paris Daqar irabazi duen gidariak, eta Benito Guerra helmugaratu zen bigarren postuan. Laugarren lasterketa Madrilen izan zen, Ponferradan; han lehenak gindoazen, baina bigarren amaitu genuen, gurpila zulatu baitzitzaigun. Azken lasterketa, berriz, Lleidan izan zen, eta han ere bigarren amaitu genuen. Sailkapen nagusian bigarren postuan gaude, eta bi puntura dugu lehen sailkatua, Amador Vidal galiziarra. Zaila izango da, baina txapelketa irabaztera goaz Extremadurara.

Lehen postutik bi puntura egonda, presioa sentituko duzue, ezta?

Egia esan, bai. Irabazi nahi badugu, bi aukera ditugu: lehen postuan gelditu behar dugu; edo, bestela, bigarren iritsi behar gara, baina berak gu baino atzerago amaitu behar du. Hirugarren lekuan amaitzen badugu, eta berak laugarrengoan, berdinketa izango genuke; baina puntu kopuru berarekin, Vidalek irabaziko luke. Izan ere, berak bi lasterketa irabazi ditu txapelketan, eta guk ez dugu garaipenik lortu.

Uste duzue la ona egin dezakezuela zapatuko ibilbidean?

Ez dakit. Oraindik ez dugu ezagutzen nolako lurretan ibiliko garen, horrelakoak dira rallyak, sekretu asko dituzte. Ostiralean joango gara oharrak hartzera, eta ibilbidea behin egiteko aukera izango dugu, behin bakarrik. Hurrengo pausoa lasterketan irtetea da, zuzenean. Beraz, ez dakigu zer aurkituko dugun han. Horrez gain, eguraldi txarra iragarri dute, eta ikusiko dugu zer egin dezakegun.

Horrelako lasterketak, ibilbidea jakin gabe, nola prestatzen dituzue?

Ostiralean hartuko ditugu oharrak, eta oso garrantzitsua izango da lan hori. Bestalde, kopilotuaren lana oinarrizkoa da, eta behar-beharrezkoa da alboan duzunarekin fidatzea. Nire kasuan, emaztearekin joaten naiz, beraz, ezin hobeto. Horrez gain, duela bi aste Leoneko lasterketa batean izan ginen, txapelketako azken proba prestatzeko asmoarekin joan ginen. Irabazi egin genuen han, eta gustura goaz Rioboloseko lasterketara.

Azpeititiko zaleak joango dira zuek animatzera?

Bai, uste dut jende dezente joango dela. Lagunak eta ingurukoak hotelak aurkitu ezinik dabiltza. Herritar asko espero ditut, eta ea ikurrin batzuk ikusten ditudan lasterketan.