Alokairua ordaintzeko diru-laguntza abenduaren 30a bitartean eska dezakete gazteek

Uztarria.eus 2014ko aza. 13a, 16:25

Epea luzatu du Azpeitiko Udalak. Izan ere, erakundearen ustez, informazioa ez da iritsi herritar guztiengana edo, iritsi bada ere, askok berandu izan dute laguntzaren berri. Dirua eskatzeko baldintzak mantendu egin ditzute.

Azpeitiko Udalak luzatu egin du gazteen alokairua ordaintzeko diru-laguntzak eskatzeko epea. 41 eskaera aurkeztu dituzte herritarrek, eta Udalak aukera emango du abenduaren 30a bitartean eskaera berriak egiteko. Erakundearen eta Iraurgi Lantzenen iritziz, informazioa ez da herritar guztiengana iritsi edota berandu izan dute laguntzen berri. Hori dela eta, hilabete eta erdi gehiago dute gazteek eskaera egiteko.

Hasierako deialdiko baldintza berak bete beharko dituzte herritarrek, eta Udalak ere diru kopuru bera eskainiko du. Abenduaren amaiera bitartean, ordea, 34.000 euro banatuko dira, gehienez.

Hauek dira diru-laguntza eskatzeko betekizunak:

  • 18 eta 35 urte bitartean izatea.
  • Hamar urtez edo gehiagoz Azpeitian erroldatuta egotea.
  • Gehienez, urtean, 28.000 euroko diru-sarrerak izatea, laguntza eskatzen duena pertsona bakarra bada. Eskatzaileak bi edo gehiago badira, gehienez, 35.000 euroko diru-sarrerak izatea, guztien artean.
  • Ekaina baino lehen alokairuan daudenek 650 euro baino gutxiago ordaindu beharko dute alokairuagatik; ekainaren ondoren mugitu direnek, berriz, 550 euro baino gutxiago.

Udalak, berriz, honakoa eskainiko du:

  • Alokairuaren erdia ordainduko du erakundeak, baina kopurua 250 eurokoa izango da, gehienez.
  • Alde Zaharra indartzeko egitasmoaren baitan, inguru horretan alokairuan bizitzen jartzen direnek 50 euro gehiagoko laguntza jasoko dute. Beraz, Alde Zaharrean etxea alokatuz gero, gehienez, 300 euroko languntza izango dute gazteek.
  • Laguntza hamabi hilabetekoa izango da.
  • Alokairua ordaintzeko diru-laguntza eskuratu ostean, herritar horiek ezingo dute Udaleko beste laguntzarik lortu.