Izarraitz pilotalekua jolastoki bilakatuko da zapatu arratsaldeetan

Uztarria.eus 2014ko aza. 14a, 11:52

Zapatu arratsalde honetan, hilak 15, irekiko dute haurren jolastoki gisa Izarraitz pilotalekua, eta otsaila bukaera arteko larunbatetan izango da zabalik, 16:30etik 20:00etara bitartean.

Hirugarren urtez jarraian, Izarraitz pilotalekua jolasleku gisa zabalduko du Udalak zapatu arratsaldeetan. Zapatu honetan irekiko dute aurrenekoz, eta otsaila bukaera arteko zapatu guztietan izango da zabalik, 16:30etik 20:00etara bitartean. Pilotalekura parke estaliaren ondoan dagoen atetik sartu beharko da.

Jolastokia hamabi urte bitarteko gaztetxoentzako izango da, eta bertan hainbat jolas eta material izango dira bertaratzen direnen eskura. Hala nola, pilotak, baloiak, mahai-jolasak, kartak... izango dituzte. Pilotalekuan arduraduna egongo den arren, hirugarren mailara arteko umeek heldu baten ardurapean egon beharko dute. Aldiz, 4, 5 eta 6. mailetako gaztetxoek heldu baten harremanetarako kontaktua eman beharko diote pilotalekuko arduradunari.

Udalak eguraldi txarra egiten duen larunbatetan jolasgunea "aisialdirako eskaintza alternatibo" gisa erabiltzera animatu nahi ditu herritarrak. Aurreko bi urtetan ere zabaldu dute negu partean Izarraitz pilotalekua jolasleku moduan, eta Udalak balorazio "oso positiboa" egiten du.