Asier Cuevas: "Dena uztartzea gero eta konplikatuagoa da"

Uztarria.eus 2014ko aza. 14a, 13:14
Cuevas Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian. (Felix Sanchez)

Uztarria herri aldizkariaren azaroko zenbakia Uztarria.com-en irakurgai dago jada, PDF formatuan (hemen). Aldizkariaren 166. zenbaki horretan Asier Cuevas lasterkariari egindako elkarrizketa ekarri dugu hona. Izan ere, azaroaren 21ean Qatarren izango da, 100 kilometroko Munduko Txapelketan.

Sei urterekin hautatu zuten lehen aldiz Asier Cuevas lasterketa batean parte hartzeko. Hurrengoan hamabi urterekin atera zen, eta irteeran zapatila galduta, azkena iritsi zen helmugara. Zapatila hark, ordea, ez zion ilusioa galarazi, eta ordutik aurrera lasterka aritu da Azpeitian bizi den eibartarra. Urte askoan maratoi lasterkari izan ondoren, 2011. urtean hartu zuen aurrenekoz parte100 kilometroko Espainiako txapelketan. Irabazi egin zuen, eta harrezkero, luzera horretako probetan dabil munduko 4.a eta Europako txapelduna. Orain, azaroaren 21ean, Dohara (Qatar) joango da bigarrenez Munduko Txapelketan parte hartzera.
 
Nolatan hasi zinen 100 kilometroko probetan? 
 
Maratoilaria nintzen, eta 100 kilometroko lasterketek asko erakarri arren, ez nintzen parte hartzera ausartzen. 2011n lesio bat izan nuen eta itzulerako lehen egunean zortzi kilometro egin nituen. 100era iristeko 92 kilometro gelditzen zitzaizkidala esan nion entrenatzaileari eta ordutik txantxa horrekin ibili ginen. Broma horri lotuta erabaki genuen ehun kilometroko Espainiako Txapelketa maratoikoa baino zortzi aste lehenago zenez, bietan parte hartzea. 100 kilometroko lasterketan atera nintzen eta irabazi egin nuen. Gero, ordea, ez nintzen maratoiko txapelketarako errekuperatu, eta alde batera utzi nuen.
 
Nolakoa izan zen proben arteko aldaketa? 
 
Maratoietarako prestatzeko entrenamenduen exijentzi maila altuagoa da. Aldiz, lasterketetakoa ez. 100 kilometroko lasterketa oso gogorra da.
 
Kilometroen aldeaz gain, ba al da eragin dizun faktorerik?
 
Gogortasunak eragin dit. Maratoian, batzuetan gaizki pasatzen duzun arren, ez da beti horrela izaten. 100 kilometrokoan, berriz, ez dago beste aukerarik, beti hutsik gelditzen zara. 70. kilometro ingurura arte ondo ibiltzen naiz, baina azkeneko 30 kilometroak oso luzeak egiten dira. Horrelako lasterketa bat gauzatzeko sei ordu eta berrogei minutu inguru - marka ona eginez- behar izaten dira, eta horietatik ia bi sufritzen pasatzen dituzu.
 
Nola prestatzen zara?
 
Hogei edo hogeita bi astetarako plangintza izaten dut, bi zatitan banatuta. Lehenengoa generikoa izaten da, eta kilometro kopurua handitzen, indarra lantzen, gimnasiora joaten, aldapak igotzen eta abar ibiltzen naiz. Bigarren zatia, berriz, espezifikoa izaten da. Egun batzuetan 50 edo 56 kilometroko entrenamenduak egiten ditut, adibidez. 

Eta psikologikoki nola prestatzen zara?
 
Burua ez dut entrenatzen. Bakoitza nolakoa den ezagutzea da garrantzitsua eta baita sufritzea tokatuko zaizula garbi izatea ere.
 
Gertu da Munduko Txapelketa. Nola zaude?
 
Konplexua da. Horrelako lasterketa bat loteria bezalakoa da. Laugarren postua eskuratu nuenean, nire aurretik iritsi ziren bi korrikalari ez ziren ni baino hobeak, baina azken kilometroetan sortutako arazo batzuk tarteko, motelago joan behar izan nuen. Lasterketa horietan edozer gertatu daiteke. Agian, gauzak ondo aterako zaizkizu eta gainontzekoei ez, edo alderantziz. Beraz, zaila da postu bat buruan izatea. Oso ondo legoke lehen hamarretan helmugaratzea. Lehenengo bostetan iritsiko banintz, hurrengo Munduko Txapelketara sailkatuko nintzateke. Hiru aurrenetan sartzea ametsa litzateke eta irabaziko banu...
 
Prestaketa zehatza egiten al duzu txapelketa horretarako?
 
Zati espezifikoa lantzen ari naiz, baina oraindik generikoko hainbat gauza egiten dut. Laster, gimnasioan entrenatzeari utziko diot. eta espezifikoan sartuko naiz buru-belarri.
 
Behin lasterketa hori pasatuta, zein helburu dituzu?
 
Momentuz, deskantsatzea dut buruan. Ikusi egin behar dut lasterketa nola ateratzen den eta nola amaitzen dudan nik. Hala ere, ziurrenik, lehenengo apur bat deskantsatuko dut eta, ondoren, hurrengo urteko Europako Txapelketa prestatzen hasko naiz. Izan ere, txapelketa horretan titulua defendatzea tokatuko zait.
 
Hartzen al duzu atseden?
 
Lehen ez, baina orain pazientzia gehiago daukat. Hala ere, deskantsua aktiboa izan ohi da; bizikletan ibili edo eliptika egiten dut. Igeri egitera joateko ere esan ohi didate, baina ez dut gogoko eta ez dut egiten. 100 kilometroko lasterketen ondoren zuntz-haustura ugari izaten da gorputzean, eta hori sendatu egin behar da. Gorputza mugituta azkarrago garbiketzen eta errekuperatzen gara. Martinek eta Diegok zioten moduan: "Ez da gelditu behar! Poliki-poliki, baina zerbait egin beharra dago".
 
Zer da zuretzako korrika egitea?
 
Bizitza osoan egin dudan zerbait da, eta bizitzeko beharrezkoa dut korrika egitea. Nire egunerokotasunetik ihes egiteko aukera ematen dit, eta oso ondo sentiarazten nau.
 
Zaletasuna da edo bizitzeko adina ematen du lasterka aritzeak?
 
Niretzat zaletasuna da. Lehenengo lana egiten dut eta gero korrika.
 
Lana, entrenamendu gogorrak eta familia. Nola uztartzen dituzu?
 
Egia esan, konplikatua bada. Eta gero eta konplikatuago, gainera. Haurrak izanda oso zaila da horrela ibiltzea. Eguna ondo antolatzean dago gakoa, eta denbora ez dagoen lekuetatik ateratzean. Adibidez, goizez eta arratsaldez entrenatu behar dudan egunetan 5:30ean jaiki eta korrika egitera joaten naiz.
 
Aurrera begira jarrita, noiz arte ikusi ahal izango zaitugu egun parte hartzen duzun gisako probetan?
 
Gutxi gelditzen zait jada. Ezin dizut esan urte bat edo bi izango diren, baina hemendik bost urtera ez naiz horrela ibiliko. 41 urte ditut dagoeneko, eta erantzukizunak handitzen dira. Haurrak hazten ari dira eta ez dut prozesu hori galdu nahi. Niretzat atletismoa zaletasuna da eta oso zaila da laneko bizitza normalarekin uztartzea. Oso konplikatua da, eta ezin da soka gehiegi estutu. 
 
Ondorengoak badira herrian. Atletismoko taldea gero eta indar handiago hartzen ari da.
 
Oso ona iruditzen zait hori. Inguru honetan, Azpeitian eta Azkoitian, kirola egiteko kultura handia dago. Korrika egitera irteten naizenean lasterka dabilen jende mordoxka ikusten dut, eta batez ere, emakumeak. Gazteak ere gero eta gehiago aritzen lasterkadira, eta horiek, kirol kultura handia dagoenaren eta konplexu gutxi dituztenaren seinale dira. Niretzat hori izugarria da. Herri hauetako bizitza aktiboa oso altua da.