'Arrastoak': isiltasunetik, arrastoei tiraka

Urola Kostako Hitza 2014ko aza. 14a, 12:28
'Arrastoak' antzezlanean IƱigo Aranbarri azkoitiarra ari da aktore. (Ainhoa Resano)

Zapatuan aurkeztuko du Dejabu Panpin Laborategiak Arrastoak bere azken lana. 21:30ean izango da, Soreasu antzokian, Antzerti Topaketen baitan. Lau aktore oholtzaratuko dira, tartean, Iñigo Aranbarri azkoitiarra. Bestalde, gaur, ostirala, Orekaren desoreka lana eskainiko dute Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerrekoek.

Dejabu Panpin Laborategiak bere azken lana aurkeztuko du larunbatean, 21:30ean, Azpeitiko Soreasu antzokian. Arrastoak antzezlana eskainiko dute herrian egiten ari diren Antzerki Topaketan, eta "belaunaldiz belaunaldi transmititzen diren isiltasunen inguruko kontakizuna" eramango dute oholtzara lau aktorek, tartean, Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarrak.

Lur izeneko neska baten bidaia emozionala da Arrastoak, eta denborarekin kontatzen diren "sentimenduez eta isiltasunez» hitz egiten du ikuskizunak, Aranbarrik adierazi duenez. «Garai bateko kontuek norberaren barruan izan dezakeen eragina azaltzea da antzezlanaren asmoetako bat". Lur protagonistaren amaren heriotzetik abiatzen da istorioa: "Lurrek ez du sekula bere amari buruzko galderarik egin. Arrastorik utzi gabe egin zuen alde etxetik bera txikia zenean. Ordutik bakarrik egin behar izan dio aurre bizitzari, etxean harrapatuta bizi den aita zainduz, erantzunak bilatzeko astirik gabe". Hala deskribatu du konpainiak lanaren haria. Bere ama ezustean hiltzen denean, galderak azalduko zaizkio neskari, eta denboran atzera egingo du, "memoriaren zulo ezkutuenetan galduta uste zituen sentimenduei eta munstroei aurre eginez". Arrastoei tiraka, bere ezkutuko beldurrak eta mamuak topatuko ditu. "Memoriaz, iraganeko gatazkek isildutako istorioez, belaunaldi ezberdinak lotzen dituzten hariez, galderak egitearen garrantziaz mintzo da Arrastoak antzezlana. Galdera bat egiteko beharra delako lehen arrastoa", laburbildu du Dejabu Panpin Laborategiak.

Erreportaje osoa Urola Kostako Hitza-ren webgunean.