Abian da landa eremuko ekimenak ezagutarazteko eta sustatzeko 'Urola Kosta Gozatu!' mugikorrerako aplikazioa

Uztarria.eus 2014ko aza. 14a, 13:44
Urkomeko kideak eta landa eremuko eskaintzen sustatzaileak.

Urkome Urola Kostako Landa Garapen Elkarteak Uroka Kosta Gozatu mugikorretarako eta tabletetarako aplikazioa sortu du. Aplikazioak hiru barne atal ditu; besteak beste, Urola Kostako landa eremuko aisialdi eskaintza, inguruko jatetxeetan bertako produktuekin osatutako menuak eta bertako produktuz osatutako sortak edo otarrak ikusi eta, kasu batzuetan, erosi daitezke.

Urkome Urola Kostako Landa Garapen Elkarteak Uroka Kosta Gozatu mugikorretarako eta tabletetarako aplikazioa sortu du, "landa eremuko aktibitateak ezagutarazteko eta sustatzeko nahiz bertako produktuei balioa emateko". Aritz Arzallus Urkomeko teknikariak azaldu duenez, "eskualdera gerturatzen diren edo gerturatu daitezkeen pertsonei zuzendutako aplikazioa izateaz gain, eskualdeko bizilagunei ere baliogarri izan dakieken aktibitate eta zerbitzuz dago osatuta".

Aplikazioak badu berezitasun eta zerbitzu berritzaile bat: salerosketa egiteko aukera. Horrenbestez, erosketen ordainketa transferentzia, txartel edo Paypal sistemaren bitartez egin ahal izango da. Android eta IOS sistema eragileak dituzten mugikorrei eta tabletei zuzendutako doako aplikazioa da, eta urte bukaera bitartean aplikazioaren bidez erosketaren bat egiten duten bezeroen artean Pagoetako produktuz osatutako saskia zozkatuko dute. 

Aplikazioak hiru atal

Aplikazioak hiru barne atal ditu. Aurreneko atalean landa eremuko bisita gidatuen zein aisialdirako eskaintza desberdinen eskaintza kontsultatu daiteke. Bigarrengoan, berriz, eskualdeko jatetxeetan bertako produktuekin osatutako menuen eskaintza ikusi daiteke, eta hirugarrengoan Urola Kostako produktuekin osatutako otarra edo sortak erosi daitezke.

Lehenengo atalaren helburua da "eskualdeko baserritarren eta ekoizleen lana eta horiek herriari egiten dioten ekarpenaren balioa gizarteratzea". Bertan Urola Kostako landa eremuko aisialdi eskaintzaren inguruko informazioa eskuragarri jartzeaz gain, erreserbak egiteko aukera ere ematen du aplikazioak. Erreserbaren ordainketa ere egin daiteke, baina erreserbaren eguna eta ordua eskaintzaren sustatzailearekin adostu beharko da. Horretarako datu guztiak, eskaintzailearen telefonoa eta abar aplikazioan bertan kontsultatu daitezke. Orain erresberbatu daitezken ekintzak hainbat motatakoak dira, banakakoak edo taldekoak: Zarauzko Talai Berri txakolindegia, Aiako Satxota sagardotegia, Zestoako Sastarrain Baserri Eskola, Errezilgo Irure Txiki Baserri Agroekologikoa eta Beizamako ingurumen aterpeak kudeatutako hainbat baserrietarako bisitak. Dena den, Arzallusek jakinarazi duenez, "eskaintza berriei zabalik dagoen proiektua" da.

Aplikazioaren bigarren atalean inguruko jatetxeek bertako produktuekin osatutako menuak daude ikusgai. Urola Gustagarriren II. edizioan parte hartu duten jatetxeen menuak, hain zuzen. Jatetxe horien eskaintzaren gaineko informazioa eskuratu daiteke, baina ezin da aplikazioaren bidez erosketarik eta erreserbarik egin.

Hirugarren atalean, berriz, Urola Kostako produktuez osatutako otarra edo sortak erosi daitezke. Sortak aplikazioaren bidez eskatu eta ordaindu ahal izango dira, eta etxean nahiz beste hainbat puntutan jaso. Atal honetako produktuak Urkomek kudeatzen duen www.urolakostaonline.com on line dendako ekoizleenak dira.