Denboraldiko lehen porrota Sammic ISBrentzat

Uztarria.eus 2014ko aza. 17a, 09:34

Caceresen kontra 61 eta 79 galduta 4. postura jaitsi da sailkapenean.

Sei jardunalditan garaipena lortu ostean, atzo, azaroaren 16a, denboraldiko lehen porrota jaso zuen Sammic ISBk. Caceres Patrimonio de la Humanidad talde indartsuak bisitatzen zuen Azpeitiko kiroldegia, eta ahalegina egin arren, ezin izan zuten garaitu. Lehen bi laurdenak parekatuak izan ondoren, hirugarren laurdenean partidua apurtu zuen Extremadurako taldeak eta azkenean 61 eta 79 irabazi zion etxeko taldeari. Porrot horrekin, Iker Buenoren taldea sailkapeneko laugarren postura jaitsi da aurreko bi taldeekin berdinduta.

Ondo hasi zuten partidua Sammic ISBko mutilek, partiduan sartuta eta Caceresko taldeari aurre eginez. Oso laurden berdindua izan zen hori. Bi taldeak izan ziren markagailuan aurretik, baina gehienez 2 edo 3 puntugatik. Laurden honetan, hiruko jaurtiketetan izan zituzten arazo gehien Azpeitiko mutilek, 6 jaurti eta ez baitzuten batere asmatu. Horrela, laurden amaieran 17 eta 17 adierazten zuen markagailuak.

Bigarren laurdena ere ildo beretik hasi zuten bi taldeek. Lehen bi minutuetan saskiratze trukean aritu ziren. Orduan, ordea, Cacereseko taldeak erreakzionatu eta gogorrago defendituz, 4 minutuetan 0 puntutan utzi zuen talde azpeitiarra. Beraiek, aldiz, 11 puntu sartu zituzten jarraian eta 23 eta 32ko jarri zuten markagailuan atsedenaldirako 3:27 minutu falta zirenean. Baina Sammicekoek ez zuten partidua galdutzat eman nahi eta ordura arteko lehen hirukoa sartuta, partiduari buelta ematen saiatu ziren. Aurretik jartzea lortu ez zuten arren, amaieran 7 eta 1eko partziala lortu zuten eta atsedenaldira lau puntu azpitik bakarrik iritsi ziren: 33-37.

Aldageletatik itzuleran Iraurgiko mutilak lo hasi zuten laurdena, eta Caceresko taldeak hori aprobetxatuz 0-9ko partziala eskuratu zuen. Horrela, 13 puntuko tartea ireki zuten bi minututan. Orduan esnatu ziren gure mutilak eta 5-0ko partzial bati esker, partidua galdu nahi ez zutela erakutsi zuten. Ez zen nahiko izan ordea, eta segituan, 0 eta 6ko partzialarekin erantzun zion Extremadurako taldeak. Laurden amaieran 45 eta 57 galtzen ari ziren Azpeitiko mutilek, eta, nahiz eta tartea ez izan horren handia, partidua apurtuta zegoela zirudien.

Azken laurdenean kanpoko taldeak zuen abantailarekin jokatzen jakin zuen. Kanasta elkartrukean aritu ziren, eta etxeko taldea 9 puntutara gerturatu zen arren, segituan ireki zuen tartea berriro Caceresek. Ez zuen istorio gehiago izan partiduak eta azkenean, 61 eta 79 galdu zuen Sammic ISBk.

Horrela, bolada ona eten zaio Sammic ISBri. Hala ere, ikaragarrizko denboraldi hasiera izaten ari da aurtengoa, eta zazpi jardunalditan porrot bat izatea harro egotekoa da. Taldeak gogor lan egin du orain arte eta horretan jarraituko duela argi daukagu. Beraz, hurrengo larunbatean Guadalajarara bolada ona berreskuratzera joango dira Bueno eta bere mutilak.

MVP: Michael Mayer. 14 puntu sartu, 12 errebote eskuratu eta bi falta jasota, 26 puntuko balorazioa.

Saskiratzaileak: 17-17/ 16-20/ 12-20/ 16-22.

SAMMIC ISB: Arruti (7), Garrett (8), Caramasa (4), Mayer (14), Ugarabe – hasierako bostekoan –Ucles (21), Zubizarreta, Mendoza (2), Agirre, Iradier (3), Urtxulutegi, Oroz (2).

CACERES PATRIMONIO DE LA HUMANIDAD: Marco (6), Sebiru (8), Cruz (14), Kennet (17), Fernandez (8) – hasierako bostekoan – Corrales (3), Jakstas (22), Toledo (1), Parejo, Kasse.