Azpeitiko eta Azkoitiko ikastetxeek hainbat konpromiso hartu dute indarkeria matxista kasuen aurrean jarduteko

Uztarria.eus 2014ko aza. 20a, 13:36
Azpeitiko eta Azkoitiko ikastetxeetako eta udaletako ordezkariak.

Azpeitiko eta Azkoitiko ikastetxeak bi herriotako udalekin elkarlanean hezkidetza garatzen ari dira ikasturte honetan, eta Hezkidetza Foroa abiatu dute. "Urrats eta konpromiso" berriak egin eta hartu dituzte "indarkeriaren prebentzioan egiten ari diren lanetan sakonduz". Hezkidetza Foroak antolatuta, astelehenean, hilak 24, Gazteak eta indarkeria matxista. Zertan ari gara? Nola egin aurre? izenburupean mahai-ingurua izango da Sanagustin kulturgunean.

Azpeitiko eta Azkoitiko ikastetxeak bi herriotako udalekin elkarlanean hezkidetza garatzen ari dira ikasturte honetan, eta Hezkidetza Foroa abiatu dute. Hezkidetzan oinarritutako eskolaren aldeko apustua egin dute, ikasleen aukera afektibo eta sexuala bermatuz nahiz matxismoari indarra kenduz. 

"Gizarte justuagoa eraikitzen laguntzen duten eguneroko jarrera txiki horiek lantzen ditugu gazteekin", azaldu dute: "Neskekin euren autonomia eta jabekuntza sendotzen dituzten jarrerak lantzen ditugu. Izan ere, horiek mugak gainditzen eta estereotipo sexistak apurtzen lagunduko diete. Mutilekin, berriz, matxismoa deslegitimatzeko jarrerak lantzen ditugu, baita maskulinotasun hegemonikoaren eredutik aldentzekoak ere".

Gaur, osteguna, hilaren 25ean Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna izango dela eta, agerraldia egin dute bi herrietako ikastetxeetako eta udaletako ordezkariek. Indarkeria matxistaren aurrean "gero eta gehiago erreakzionatzen" dutela eta, Azpeitiko eta Azkoitiko ikastetxeek "urrats eta konpromiso" berriak egin eta hartu dituzte "indarkeriaren prebentzioan egiten ari diren lanetan sakonduz". Hori dela-eta, indarkeria matxista jasan duen pertsona eskola komunitateko parte bada, horren aurrean aritzeko hainbat konpromiso hartu dute .

Hezkidetzarekin lotuta eta Hezkidetza Foroak antolatuta, astelehenean, hilak 24, Gazteak eta indarkeria matxista. Zertan ari gara? Nola egin aurre? izenburupean mahai-ingurua izango da Sanagustin kulturgunean. 19:00etan hasiko da, eta bertan hitz egingo dute Josebe Iturriotzek, Susana Manzanedok, Haizea Egigurenek eta Axier Bagliettok. 

Jarraian Hezkidetza Foroak azaroaren 25aren harira kaleratu duen adierazpena osorik:

Indarkeria matxista, zoritxarrez, gure gizarteko errealitateetako bat da. Ez dira kasu isolatuak: gure ikastetxeetan ere gertatzen dira horrelakoak eta emakume guztioi eragiten digu, gizarte baldintza, familia estatusa, adina, erlijio eta nazionalitate desberdinetakoak izan arren.

Indarkeria matxistaren jatorria emakumeok bizitzako eremu ezberdinetan, baita eskolan ere, jasaten dugun egiturazko ezberdintasun egoera da. Desberdintasun hau, sexuaren araberako zereginen eta arduren banaketa tradizionalak mantentzen du, banaketa horrek emakumeak gizonen azpitik jartzen baigaitu. Gainera, indarkeria hau, ezberdintasun horren adierazgarririk larriena izateaz gain, gizarte egiturak mantendu eta kontrolatzeko funtsezko tresna da, ezberdintasun egoera iraunarazi egiten duelako.

Horrenbestez, ezinbestekoa da ulertzea ezin daitekeela indarkeria matxistaren kontra borroka egin, gizonezkoen eta emakumezkoen ereduak sakon eraldatu gabe, ez eta gizon eta emakumezkoen harreman afektibo eta sexualak eraikitzeko moduak aldatu gabe ere.

Eraldaketa prozesu horri ekiteko, beharrezkoa da erreferente positiboak edukitzea. Xedea ez da gazteriak egungo eredu kaltegarriak antzematea bakarrik, baita maitasuna eta sexualitatea modu askeagoan eta berdintsuagoan bizitzen ikastea ere. Horretarako, Azkoitiko eta Azpeitiko Udalekin elkarlanean Hezkidetza garatzen ari gara herriko ikastetxeetan. Gizarte justuagoa eraikitzen laguntzen duten eguneroko jarrera txiki horiek lantzen ditugu gazteekin. Neskekin, euren autonomia eta jabekuntza sendotzen dituzten jarrerak lantzen ditugu, izan ere, horiek mugak gainditzen eta estereotipo sexistak apurtzen lagunduko diete. Mutilekin, berriz, matxismoa deslegitimizatzeko jarrerak lantzen ditugu, baita maskulinotasun hegemonikoaren eredutik aldentzekoak ere. Finean, errespetua, askatasuna, autonomia eta berdintasuna oinarri dituzten harreman afektibo eta sexualak eraikitzeko urratsak ematen ari gara, denon artean indarkeria gabeko jendarte bat eraikitzeko.

Indarkeria matxistaren aurrean, jendarteak gero eta gehiago erreakzionatzen du eta zentzu honetan, Azkoitiko eta Azpeitiko ikastetxeok urrats eta konpromiso berriak hartu nahi ditugu, azken urteotan gure eskoletan indarkeriaren prebentzioan egiten ari garen lanean sakonduz.

Indarkeria matxista jasan duen pertsona eskola komunitateko parte denean, Azkoitiko eta Azpeitiko ikastetxeok honako konpromisoak hartzen ditugu, beti ere egon daitezken muga legalak kontuan hartuz eta kasuan kasuko azterketa egin ondoren, jarduteko modu egokiena erabakiz:

  • Irakasleen artean gaia lantzea eta behar izanez gero saio berezi bat antolatzea.
  • Gurasoei informazioa helaraztea eta behar izanez gero saio berezia antolatzea.
  • Ikasleekin gaia lantzea tutoretzetan eta behar izanez gero saio berezia antolatzea.
  • Ahal denean eta egoki iritziz gero, ikastetxe guztiek erantzun bateratua ematea.
  • Indarkeria egoera salatzeko antolatzen diren herri mailako ekimenetan parte hartzera animatzea eskola komunitateko partaideak.