Otañok eta Larrañagak aizkora apustua jokatuko dute hilaren 29an

Uztarria.eus 2014ko aza. 21a, 11:58
Larrañaga eta Otaño Mendizabal erretegian.

Izarraitz pilotalekuan izango da hilaren 29an, zapatua, 18:30ean hasita. Otañok hamar kana-erdiko eta bost 60 ontzako ebaki beharko ditu. Larrañagak, berriz, 60 ontzako enbor bat gehiago moztu beharko du, beraz, hamar kana-erdiko eta sei 60 ontzako moztea izango da haren lana. Alde bakoitzak 3.000 euro jokatu ditu. Erronkarako sarrerak salgai dira dagoeneko.

Irailean erabaki zuten Mikel Larrañaga azpeitiar eta Eneko Otaño beizamar aizkolariek azaroko azken asteburuan indarrak neurtzea. Otañok egin zion proposamena Larrañagari eta bien artean adostu zituzten egin beharreko lanak. Azaroaren 29a, zapatua, gerturatzen ari dela-eta, atzo, osteguna, egin zuten erronkaren aurkezpena Mendizabal erretegian. 

Otañok hamar kana-erdiko eta bost 60 ontzako ebaki beharko ditu. Larrañagak, berriz, 60 ontzako enbor bat gehiago moztu beharko du, beraz, hamar kana-erdiko eta sei 60 ontzako moztea izango da haren lana.

Enborrei dagokienez, Beizamakoak eramango ditu kana-erdikoak, eta Azpeitikoak 60 ontzakoak. Hala ere, Otañok hautatuko du Larrañagak moztuko duen azken 60 ontzakoa, hala hitzartu baitute aizkolariek. Gipuzkoako Herri Kirol Federazioaren kontrolpean egingo da apustua.

Izarraitz pilotalekuan izango da, 18:30ean hasita, eta 3.000 euro jokatu ditu alde bakoitzak. Erronkarako sarrerak aurrez salgai jarri dituzte Azpeitiko Mendizabal erretegian eta Pastorkua jatetxean, Azkoitiko Isidro erretegian eta Aizpurutxoko Etxaniz tabernan. Sarrera 30 euro ordaindu beharko da.

Bi aizkolariek esan zuten "ondo prestatuta" daudela eta aurkaria "ondo" ikusten dutela.