Igerilekuko energia kontsumoa aurrezteko geotermia instalazioa egiten hasiko dira astelehenean

Uztarria.eus 2014ko aza. 21a, 13:48
Barrenetxeko iturburua. (Urola Kostako Hitza/Miriam Tamayo)

Barrenetxe auzoan, trenbide zaharraren azpian, dagoen iturburuko ura erabiliko dute energia kontsumoan aurrezteko. Barrenetxetik igerilekura 300 bat metroko hodi isolatua jarriko dute, eta igerilekuan bero-ponpa. Egun igerilekuko gas naturalaren kontsumoa 111.380 eurokoa da, eta bero-ponparen instalazioa egindakoan 23.000 eurokoa izango da.

Igerilekuko instalazioetako energia kontsumoa aurrezteko geotermia instalazioa egiten hasiko dira astelehenean. Instalazioa egingo dute igerilekuko ur beroaren, ur bero metagailuaren eta girotze makinaren energia kontsumoan aurrezteko. Horretarako, Barrenetxe auzoan, trenbide zaharraren azpian, dagoen iturburuko ura erabiliko dute.

Barrenetxeko gune horretan dagoen iturburuak sei-zazpi litro segundoko emaria du, eta urak 22-23 graduko tenperatura. Hori dela-eta, ur hori igerilekura eramango dute, tenperatura ez jaisteko gaitasuna duten isolatutako hodien bidez. Iturburutik igerilekura 300 bat metro daude, eta hodia jartzeko lanak astelehenean bertan hasiko dituzte.

Igerilekuko sotoan bukatuko da hodia eta bertan bero-ponpa jarriko dute uraren berotasuna xurgatzeko. Bero-ponpa horrek gas naturalaren galdarak ordezkatzen ditu, baina ez %100ean. Alfon Lizarralde udaleko teknikariak eta Joseba Garmendia Tinko STS enpresako teknikariak azaldu dutenez, gas naturalaren kontsumoa %80 ordezkatuko du bero-ponpak. "Igerilekuko energia kontsumoa 1.803.000 kilowatt-ekoa da orduko, eta bero-ponpa sistemak 1.400.000 kilowatt ordezkatuko ditu. Falta diren kilowatt-ak, berriz, egungo galdarek emango dute", esan dute. Modu horretan, gas kontsumoa "jaistea" lortuko du Udalak: egun igerilekuko gas naturalaren kontsumoaren urteko zenbatekoa 111.380 eurokoa bada, bero-ponparen instalazioa egindakoan 23.000 eurokoa izango da urteko gastua. 

242.000 euro kostatuko da instalazio berria, eta Lizarraldek esan duenez, "sei bat urtean amortizatu daiteke proiektua". Dena den, Udalak diru-laguntzak eskatu ditu proiektua sostengatzeko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 77.000 euroko laguntza emango dio proiektua gauzatzeko. Eusko Jaurlaritzari ere eskatu diote laguntza, baina oraindik ez dutela erantzunik jaso jakinarazi du Lizarraldek. Bi erakunde horiek laguntza emanez gero, amortizazio epea jaitsi egingo dela eta bizpahiru urtean berdinduko dituztela gastuak jakinarazi dute, eta urtean 40.000-45.000 euro aurreztuko dituela Udalak. Bestalde, aztertzen ari dira tarifa elektrikoak kontuan hartu eta aurrezteko zenbait neurri hartzea ere.

Lanak astelehenean hasi eta urte bukaera aldean amaitzea aurreikusten du Udalak. Hiru zatitan egingo dituzte lanak, eta hiru enpresa arduratuko dira obrez: Tarte SL, Ekin eta Fundibide. Proiektua, berriz, Tinko STS enpresak egin du.