Hazien inguruko topaketak egingo dituzte bihartik ostiralera bitartean

Uztarria.eus 2014ko aza. 24a, 13:46
Txema Hernandez Cristina Eneako zuzendaria eta Leire Etxaniz zinegotzia Hazien-Auzia topaketak aurkezten.

Cristina Enea Fundazioaren Haziera proiektuari lotuta, Hazien-Auzia topaketak egingo dituzte bihartik ostiralera bitartean Azpeitian. Ekimen ugari izango da. Hala nola, hitzaldiak, aurkezpenak, pintxo dastaketa eta jolasak.

Cristina Enea Fundazioaren Haziera proiektuari lotuta, Hazien-Auzia topaketak egingo dituzte bihartik ostiralera bitartean Azpeitian. Fundazioaren arabera, "Haziera proiektua haziak eta horien inguruko jakinduria zabaltzeko eta partekatzeko lekua da. Eskala txikiko nekazaritza mantendu, eta landutako bioaniztasunaz kezkatzen diren pertsona eta erakundeentzako topagunea".

Donostitik kanpo egiten den aurreneko topaketa izango da Azpeitikoa, eta Txema Hernandez Cristina Enea Fundazioko zuzendariak jakinarazi duenez, topaketen helburua da "tokiko hazien barietatea sustatzea": "Tokiko haziak berreskuratu eta mantendu nahi ditugu. Horretarako hazien inguruko ekintza desberdinak egingo ditugu, eta bigarren fasea izango da hazien doako trukaketa".

Bihar, asteartea, hasita hitzaldiak, aurkezpenak, pintxo dastaketa, jolasak eta ekimen parte-hartzaileak egingo dituzte herrian.

Hemen egitaraua osorik:

Azaroak 25, asteartea: Gerra Zibilaren aurreko baserriak, laboreak eta haziak hitzaldia. 19:00etan izango da Sindikatu Zaharrean eta Pedro Berriotxoa izango da hizlaria.

Azaroak 26, asteazkena: Euskal Herriko hazien gida-liburua-ren aurkezpena. 19:00etan izango da Sindikatu Zaharrean. Ondoren, 19:30ean, Sembrando biodiversidad: la importancia de las semillas en la historia de la agricultura hitzaldia eskainiko du Marc Badalek.

Azaroak 27, osteguna: 19:00etatik 21:00etara, pintxo-potea Sanagustin kulturgunean. Bertako barazkiekin egindako pintxoak dastatu ahal izango dira.

Azaroak 28, ostirala: 17:00etatik 21:00etara bitartean Bioaniztasun Landuaren Azoka izango da udaletxeko arkupetan, bertako ekoizleen azokarekin batera. 18:00etan Nondik datoz haziak? haurrentzako eta helduentzako jolasak izango dira plazan. 17:30etik 18:30era, berriz, Kaleko gastronomia tailerra izango da.