Egitarau oparoa, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira

Uztarria.eus 2014ko aza. 24a, 17:36

Gaur ospatuko dute eguna, eta aste osoan zehar izango dira herritarrak sentsibilizatzeko ekitaldiak. Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Bilgune Feministak adierazi du beraien borroka "beti bezain garrantzitsua" eta "inoiz baino beharrezgoagoa" dela.

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko dute gaur, asteartea, eta hamaika ekitaldi antolatu dituzte herrian Hezkidetza Foroak eta Azpeitiko Bilgune Feministak. Larunbatean eman zioten hasiera egitarauari, indarkeriari buruz egin zuten tailerrarekin. Eta, atzo Gazteak eta indarkeria matxista solasaldia izan zen Sanagustin kulturgunean, Azkoitiko eta Azpeitiko Hezkidetza Foroak antolatuta. Ekintza horrez gain, honakoak antolatu dituzte herritarrak informatzeko eta sentsibilizatzeko:

  • Gaurr, asteartea, 19:00etan, plazan: Kontzentrazioa eta antzerkia, Autodefentsa feministaz, lehertu!. Bilgune Feministak antolatuta.
  • Asteazkena, azaroaren 26a, Emakumeen Txokoan: Alardearen seme-alabak dokumentala. Bilgune Feministaren eskutik.

Bilgune Feministak irakurketa egin du Emakumeen Aurkako Indarkeriaren eguna dela-eta, eta nabarmendu du "beti bezain garrantzitsua" eta "inoiz baino beharrezkoagoa" dela borroka feminista. Hiru emakume erail dituzte Euskal Herrian aurten, eta ekintza horiek salatu dituzte.

Bestalde, kezka adierazi dute gazteen arteko indarkeria sexista hazten ari delako, eta indarkeria guztiak salatzen jarraituko dutela esan dute. "Ez gara biktimak, ez gara subjektu pasiboak eta ez gara instituzioetatik bultzatzen diren neurri asistentzialekin konformatzen", azaldu dute. Hori dela eta, komunikabideen zein instituzioen papera ere ezbaian jarri dute, emakumeen aurkako indarkeria sexistaz trataera "estereotipatua eta sinplifikatua" egiten delako. Horren aurrean zera adierazi dute, "kolektiboki" jarraituko dutela erasoei erantzuna ematen.

Honakoa da Euskal Herriko Bilgune Feministaren irakurketa, Azpeitiko bilguneak bere egin duena:

Autodefentsa feministaz lehertu!

Autodefentsa feministaz lehertuko dugu zapalkuntza patriarkalak bizirauteko ezinbestekoa duen indarkeria sexistaren makineria: estetika kanonak, lan-banaketa, maitasun erromantikoaren ideologia, erasoak... Engranaje guztiak lehertzera goaz!

Botere sistema honek sortzen duen indarkeria sexistak ez du etenik. Dagoeneko hiru dira aurten Euskal Herrian eraildako emakumeak. Era berean, larritzat jotzen ditugu gazteen arteko harreman sexu- afektiboetan indarkeria sexista hazten ari dela erakusten duten azken ikerketak ere edota lan sektore feminizatuetan ematen ari den prekarizazioa. Kasu hauek izebergaren punta besterik ez dira. Honek erakusten du sistemak forma aldaketak egiten dituela, egoera eta eszenatoki berriak sortu; baino erroko genero egiturak bizirauteko gaitasun handia dauka, oinarrizko hierarkia eta zapalkuntzak mantenduz. Hala, feminismoaren bidean eta autodefentsa feministaz erantzuteko gure hautua berresten dugu. Beti bezain garrantzitsua da gure borroka, inoiz baino beharrezkoagoa.

Indarkeria aztertzen eta honen aurka borrokatzen bide luzea daramagu eta badakigu emakumeen zapalkuntza ideologikoa, ekonomikoa eta soziala mantentzeko heteropatriarkatuaren ezinbesteko tresna dela. Gure betaurrekoak indarkeriarik sotilena antzemateko findu ditugu, honek zuzeneko lotura baitu muturrenekoarekin. Aurten, indarkeria adierazpen ezberdinak sostengatzen dituen sistema eta makineria seinalatu nahi dugu. Non iraunarazten da sexuen araberako harreman antolaketa hierarkikoa? Zein eremu dira klabeak indarkeria sexista ahalbidetzeko?

Krisiaren izenean neoliberalismoa birsortzea helburu duten egiturazko erreforma eta murrizketek, emakume zaintzailea eta familia heteropatriarkalaren indartzea bultzatzen dute, generoaren araberako lan banaketan eta emakumeen bizi baldintzen prekarizazioan sakonduz. Botere politikoko guneetatik alboratua dago emakumeen parte hartzea, eta instituzio politikoen jardunean sistema heteropatriarkalaren muga administratibo eta juridikoak birproduzitzen dira. Komunikabide, kontsumo zirkuituen publizitate edota hezkuntza aparatuetatik feminitate eta maskulinitate eredu estereotipatuak, estetika kanon zurrunak, emakumeen gorputzaren objektualizazioa, maitasun erromantikoaren ideologia, heteroaraua zorrotza eta abar amaigabe bat zabaltzen da. Hemen, eta ez beste inon dago indarkeria sexistaren muina. Alarma soziala pizten duen muturreko bortizkeria jendartearen erreprodukzioaren erdigunean elikatzen da egunero. Seinalatu ditzagun, beraz, esfera hauen aurpegi eta izenak!

Komunikabide zein instituzioek emakumeen aurkako indarkeria sexistaz egiten den trataera estereotipatua eta sinplifikatuta dela deritzogu. Eremu hauetan muturreko indarkeriari erreparatzen zaio maiz, indarkeria soilik bikote heterosexual helduetan eta oso modu bortitzean emango balitz bezala. Nolabait, gure mendebaldeko “berdintasunaren eredu demokratiko eta garatuetan” horrelako gaitzek jada lekurik ez daukatela ulertzera emanez. Horrela, euren ardurei iskin egiten diote sistema heteropatriarlala osatzen duten instituzio ezberdinek, indarkeria bultzatzen duen jendarte hierarkikoan honetan beren papera desitxuratuz. Gu guztiok hezur- mamitzen ditugun jarrera eta gure harremanetan zirkulatzen duten genero ereduak eraldatze bidean daukagun ardura desitxuratuz.

Heteropatriarkatuak itsu behar gaitu, haren makineriaren engranajeak eta hauen arteko erlazioak ikusteko gai izanez gero sistema osoa erorarazi dezakegulako. Baina gurekin jai! Urteak, belaunaldiak, daramatzagu jostorratzak zorrozten, sarea josten, betaurrekoak fintzen, begiak irekitzen, itzalpekoari izena jartzen. Eta hori da hain zuzen gure helburua: makineria lehertzea!

Erasoen aurrean ozenki adierazi izan dugu gure hautua eta horretan jarraituko dugu indarkeria sexista gure eguneroko ogia izaten den bitartean: ez gara biktimak, ez gara subjektu pasiboak eta ez gara instituzioetatik bultzatzen diren neurri asistentzialekin konformatzen. Guk ahalduntze indibidual eta kolektibo baten bidean autodefentsa feminista aukeratzen dugu!

Kolektiboki erasoei erantzuna ematen jarraituko dugu, salatzen eta konfrontatzen. Gure jostorratzen laguntzaz egitura heteropatriarkarretan zuloak egiten ditugu eta topeak jarri. Baina erantzuna artikulatzea ez da nahikoa. Egitura oso baten aurrean alternatiba oso bat eraiki nahi dugu, gure alternatiba josi nahi dugu. Indarkeriarik gabeko herri bat nahi dugulako, bestelako balio batzuetan oinarritutako aske egingo gaituzten harreman eredu batzuk nahi ditugulako. Gure bideak iparra dauka: Euskal Herriaren burujabetza feministarantz goaz!

Bide hori elkarrekin eraiki nahi dugun emakume abertzaleok hitzordu bat dugu abenduaren 13an Ondarroan ospatuko diren Emakume Abertzaleon VI. Topaketa Feministetan. “Jostorratzak dantzan ditugu! Euskal Herriaren burujabetza feministarantz!” lemapean. Aurretik emandako hausnarketa eta lanari jarraipena emango diogu, eta modu kolektibo batean herri honetarako nahi dugun alternatiba eta trantsizio feministaren inguruko eztabaidari helduko diogu. Bertan elkartuko gara!

Urola Ikastolan ere indarkeriaren aurka

Urola Ikastolako irakasleek eta ikasleek ere Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko eguna dela eta, aldarrikapen ekintza prestatu dute gaurko. 9:00etan jolastokian bildu dira, eta soinean arropa moreak dituztela, mosaiko moduko irudia osatu dute, aurrez prestatutako borobiletan jarrita.