Uztarria, 15 urte herritarrak informatzen

Urola Kostako Hitza 2014ko aza. 25a, 13:40

Urola Kostako Hitza egunkarian Uztarriaren hamabosgarren urteurrenaren harira kaleratu duten erreportajea da hurrengoa. 

"Uztarria, sustraipeko hazia, inurrien kofradia...", horrela hasten da Mugarria, Uztarria Komunikazio Taldeak bere 15. urteurrena ospatzeko ekoiztu duten ikus-entzunezkoa. Bertan bildu dute Uztarria Kultur Koordinakundea sortu zenetik gaur egun arte egindako ibilbidea. Azpeitiko herri aldizkariko kide ohien eta gaur egungoen adierazpenak azaltzen dira bertan: Laxaro Azkunerenak, Enekoitz Esnaolarenak, Iban Arregirenak, Josu Azpillagarenak, Nerea Urangarenak eta Julene Frantzesenarenak.

Yuri Agirre kazetari azpeitiarrak egin du ikus-entzunezkoa, eta ostegunean aurkeztuko dute Sanagustin kulturgunean, arratsaldeko 19:00etan. Herri aldizkariko kideek azpimarratu dute proiektu honek bat egiten duela Uztarriak argitaratzen dituen produktuen filosofiarekin. Komunikabide honen ibilbidea hasi zenetik eta gaur egun arte, 24 produktu argitaratu dituzte, eta Mugarria 25. produktua da. Urte hauetan guztietan Uztarria Komunikazio Taldeak 13 liburu, disko bat eta hainbat arlotan lan egindako 10 azpeitiarri buruzko liburuxka biografikoak argitaratu ditu.

Ikus-entzunezkoaz gain, herri aldizkariaren 20 azalekin erakusketa bat ere egin zuten Sanagustin kulturgunean Uztarria 15 urte: azala eta mamia izenburupean. Herri aldizkariak 1999ko azaroan kaleratu zuen aurreneko zenbakia, eta azaro honetan argitaratu dutena 166. zenbakia izan da. Erakusketa honetarako urte bakoitzeko azal bana aukeratu zuten, eta zenbait kasutan bi: "Bere garaian zeresana eman zuten; Uztarrian mitikoak izan diren azalak aukeratu ditugula uste dugu. Aldizkariaren ibilbidean arrazoiren batengatik puntu bat izan dutenak edo bere garaian gai esanguratsuak biltzen dituztenak dira", azpimarratu zuten aldizkariaren ordezkariek.

Mahai ingurua, gaur

Komunikazio taldeak Kazetaritza gaur egun. Komunikatzeko moduak, tresnak, subjetuak... izeneko mahai ingurua antolatu dute gaurko. 19:30ean izango da Sanagustin kulturgunean. Bertan, gaur egungo kazetaritzaren inguruan gogoeta egingo dute eta hainbat hizlarik hartuko dute parte bertan: Luistxo Fernandez Codesyntaxeko kideak; Enekoitz Esnaola Berria egunkariko kazetariak; Lander Arbelaitz Argia aldizkariko kazetariak eta Nekane Zinkunegi Info7-ko kazetariak, hain zuzen. Eneritz Albizu Uztarriako kazetaria izango da mahai-inguruaren moderatzailea.

Lehena eta oraina, gertu

Laxaro Azkune da Uztarriaren hasierak bizi izan zituen azpeitiarretako bat. Kulturako atalaz arduratu zen aldizkaria hasi zenean: "Uztarria herri mailako proiektu bat zela jakinarazi nahi genion jendeari, eta hori lortu ahal izateko denbora asko aritu ginen lanean". Azkuneren arabera, garai hartako apustuen artean zegoen herriko kultur talde guztiak elkarlanean aritzea: "Herri mailan elkarren ezagutza izatea eta kultur proiektu dinamiko bat lortu nahi genituen".

Orainari dagokionez, Azkunek uste du Uztarriaren webgunea "erreferente" bat dela azpeitiarrentzat: "Azpeitian Internet zale izan ez den jende askok ordenagailua piztu eta Uztarria-ko webgunea bisitatzen du herriko albisteak ezagutu ahal izateko". Hain zuzen, Julene Frantzesena da webguneko arduraduna egun. Berak azaldu duenez, "munduko hainbat txokotatik" sartzen da jendea aldizkariaren webgunera: "Estatistiketan nabaritzen dugu hori. Azpeititik kanpo dauden azpeitiarrek herriko albisteak kontsultatzen dituzte. Bestalde, herrian bizi diren azpeitiarrek ere webgunea erabiltzen dute Azpeitian zer gertatzen ari den jakiteko". Sare sozialak, berriz, gazteengana ailegatzeko bide eraginkor bat eta irakurle berriak erakartzeko baliagarriak direla azpimarratu du.

Aldizkariari dagokionez, kulturaren eta komunikazioaren helburuak betetzen dituela uste du Frantzesenak. "Urte hauetan guztietan aldaketak egon dira. Aldizkariaren diseinua aldatu egin da, eta bertako atalak ere berritu egin ditugu". Azkunek dioenez, aldizkariaren apustua «oso interesgarria» izan zen hasierako garaietan: "Azpeitiarrak euskaraz irakurtzen jartzea lortu nahi genuen, eta aldizkariarekin hori lortu dugula uste dut". 15 urte igaro arren, Uztarria Komunikazio Taldea ez dago geldirik; garai berrietara moldatzen ari da etengabe. Etorkizunari begira hainbat proiektu dituzte esku artean: abenduaren 3tik aurrera .eus domeinua erabiltzen hasiko dira, eta webgunean eskelentzako txoko bat irekiko dute laster: "Etengabeko aldaketak beharrezkoak direla uste dugu webgune dinamiko bat lortzeko. Gainera, aurten herriko txandako farmazien informazioa ere eskaintzen hasi gara".

Bideogintza arloan ere apustu egin nahi dute. Hala, elkarrizketa eta erreportaje gehiago bideo bidez eskaintzen hasiko dira webguneko bisitarientzat.