"Helduen eta gizartearen ispilua dira gazteak"

Uztarria.eus 2014ko aza. 25a, 17:36
Mahai-inguruko solaskideak.

Gazteak eta indarkeria matxista. Zertan ari gara? Nola egin aurre? mahai-ingurua egin zuten atzo, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira. Josebe Iturriotz Medeak taldeko ordezkariak, Susana Manzanedo ikerlariak eta Haizea Egiguren eta Asier Baglietto Harremonak Hezkidetzako kideek hitz egin zuten.

"Gizartea aldatzeko, beharrezkoa da norbere burua ere aldatzea; sexua, harremanak, generoa eta nortasuna, iraultza txikien baturarekin lortzen da iraultza handia". Horrela azaldu zuen Josebe Iturriotz Medeak taldeko kideak etorkizunari begira gizarteak eta pertsonek egin beharreko lana, eta hari horri tiraka jardun zuten hizlariek Gazteak eta indarkeria matxista. Zertan ari gara? Nola egin aurre? mahai-inguruan. Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira antolatu zuen solasaldia Azpeitiko eta Azkoitiko Hezkidetza Foroak, eta honakoek hartu zuten parte: Josebe Iturriotzek, Susana Manzanedo ikerlariak eta Harremonak Hezkidetzako Haizea Egigurenek eta Asier Bagliettok.

Gazteak eta haien jarrerak uztartu zituzten atzoko, asteleheneko, mahai-inguruko hizlariek. Ikerketetako datuak eta esperientziak trukatu zituzten, eta ondorioak eta irtenbideak zehazten saiatu ziren. Susana Manzanedo ikerlariak, adibidez, azterketa bat egin zuen Ondarroako (Bizkaia) eta Markina-Xemeingo (Bizkaia) gazteen iritziei eta sentipenei buruz. Hark azaldu zuenez, ondorioak nahiko garbiak ziren: "Neskak beraien burua erruduntza jotzeko joera dute. Mutilen errealitatea ulertzen saiatzen dira, epaiketarik egin aurretik. Mutilek, berriz, epaitu egiten dute, baloratu aurretik". Hori dela eta, Manzanedok esan zuen neskek abusu emozionalak gutxiesten dituztela askotan, edo pentsatzen dutela ardura sexuala beraiena soilik dela. Bestalde, mutilek uste dute neskek garrantzi gehiegi ematen dietela gauzei eta zenbait momentutan indarkeria zantzu batzuk erabil daitezkeela tentsioa askatzeko, hala nola, mahaiaren gainean kolpea ematea.

Ikerlariaren arabera, oro har, guztiek ezagutzen dute teoria, eta badirudi barneratua dutela. Hala ere, neskek zein mutilek arazoak dituzte teoria hori aplikatzerakoan. Beste ikerketa eta emaitza batzuk ere aipatu zituen Manzanedok. Bestak beste, esan zuen, gaur egun, pornografia dela nerabeen sexu heziketaren zati garrantzitsu bat, eta nabaria dela hori "gero eta nerabe gehiagok" indarkeria erabiltzen dutelako lehen esperientzia sexualetan.

Bestalde, sare sozialak ere oso kontuan hartu beharreko baliabideak direla esan zuen Manzanedok. Gurasoei zuzendu zen ikerlaria tresna horiez hitz egitean: "Gure seme-alabentzat sare sozialetan duten bizitzak mundu fisikoan duten bizitzaren garrantzi bera du, beraz, ezin dugu esparru hori ahaztu". Hori dela eta, adierazi zuen gurasoak "erreferente indartsuak" bilakatu behar dutela gazteentzat. "Interneteko munduan sartu behar dute gurasoek, seme-alaben eredu izateko eta haien zalantzak argitzeko", nabarmendu zuen.

Iturriotzek zenbait ideia jarri zituen mahai gainean, entzutera joan zirenek beraien hausnarketa egin zezaten. Haren arabera, emakumeen aurkako indarkeria arazo bereziki larria da; izan ere, "ikusten da, baina ez da ikusgarria". "Maitasunean oinarritzen den indarkeria denez, arerioa, eraso egiten diguna, gertuko pertsona izan ohi da, eta askotan ez da erraza egoera horiek identifikatzea", azaldu zuen.

Horrez gain, mutilen eta emakumeen arteko jarrera desberdintasunak aipatu zituen Medeak taldeko kideak: "Indarkeria matxistak zehazten du gizonaren eta emakumearen eredua, eta bakoitza bere lekuan jartzen du. Umetatik, jostailu desberdinak ditugu, eta heldutan maitasunaren eredu erromantikoak bakoitzaren rolak zehazten ditu". 

Harremonak, parekidetasunaren alde lanean

Harremonak taldeko kideek, Egigurenek eta Bagliettok, gazteekin, irakasleekin eta gurasoekin egiten dituzten lanak azaldu zituzten. Egigurenen arabera, beraien helburuak dira egoera zehatzei erantzunak ematea eta ikasleak aktibatzea, sentsibilizatzea. Bestalde, eskoletatik kanpo ere apustua egin dute ludotekekin zein gaztelekuarekin lana egiteko.

"Gazteak gizartearen eta helduen ispilu dira", horregatik esan zuen Bagliettok beharrezkoa dela gaia ikasgelatik kanpo lantzea, eta gurasoekin ere harremana indartzea. Zaila da, ordea, gurasoekin biltzea, norberak "bere lehentasunak" izaten baititu. Hala ere, lan horretan buru-belarri jarraituko dutela jakinarazi zuen hezitzaileak.

Zehaztasunari eutsi, eta neska-mutilekin jorratzen dituzten gaiak aipatu zituzten bi hezitzaileek. Neskekin, adibidez, zapalkuntza, edertasunaren eredua, desioak komunikatzeko baliabideak, norbere burua maitatzeko ahalmena edo ezetz esaten ikasteko bideak lantzen dituzte. Mutilekin desberdina da lanketa: sozializazio aukerak ikusten, errealitateaz jabetzen edo desberdintasunak identifikatzen laguntzen zaie.