Dozenaka lagun indarkeria matxista salatzeko

Uztarria.eus 2014ko aza. 26a, 09:43

Dozenaka lagun elkartu ziren atzo, asteartea, udaletxe azpian, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko egunaren harira antolatutako kontzentrazioan. Autodefentsa feministaz, lehertu! lelopean egin zuten elkarretaratzea, Bilgune Feministak antolatuta. 

Bilgune Feministak irakurketa egin du Emakumeen Aurkako Indarkeriaren eguna dela-eta, eta nabarmendu du "beti bezain garrantzitsua" eta "inoiz baino beharrezkoagoa" dela borroka feminista. Hiru emakume erail dituzte Euskal Herrian aurten, eta ekintza horiek salatu dituzte.

Bestalde, kezka adierazi dute gazteen arteko indarkeria sexista hazten ari delako, eta indarkeria guztiak salatzen jarraituko dutela esan dute. "Ez gara biktimak, ez gara subjektu pasiboak eta ez gara instituzioetatik bultzatzen diren neurri asistentzialekin konformatzen", azaldu dute. Hori dela eta, komunikabideen zein instituzioen papera ere ezbaian jarri dute, emakumeen aurkako indarkeria sexistaz trataera "estereotipatua eta sinplifikatua" egiten delako. Horren aurrean zera adierazi dute, "kolektiboki" jarraituko dutela erasoei erantzuna ematen.