Mahai-ingurua laburrean

Uztarria.eus 2014ko aza. 26a, 13:18
Mahai-inguruko une bat.

Atzo, asteartea, Komunikatzeko moduak, tresnak, subjetuak... mahai-ingurua izan zen Sanagustin kulturgunean. Bertan parte hartu zuten Enekoitz Esnaola Berria-ko kazetariak, Lander Arbelaitz Argia-ko kazetariak, Nekane Zinkunegi Info7-ko kazetariak eta Luistxo Fernandez Codesyntax enpresako kideak. Hitzaldiko esan batzuk jaso ditugu. Bihar, osteguna, jarriko dugu hitzaldiaren bideoa ikusgai. Bihar aurkeztuko du Uztarriak bere ibilbidea jasotzen duen Mugarria ikus-entzunezkoa Sanagustin kulturgunean (19:00).

Atzo, asteartea, kazetaritzaren gaur egungo joerez jardun zuten Enekoitz Esnaola Berria-ko kazetariak, Lander Arbelaitz Argia-ko kazetariak, Nekane Zinkunegi Info7-ko kazetariak eta Luistxo Fernandez Codesyntax enpresako kideak Sanagustin kulturgunean. Mahai-ingururako puntuak Uztarriako kazetari Eneritz Albizuk jarri zituen, eta ordu eta erdi inguru jardun zuten gonbidatuek solasean. 30 bat lagun bertaratu ziren kulturgunera.

Atzo streaming bidez eman zuen mahai-ingurua Erlo Telebistak, eta bihar, osteguna, jarriko dugu solasaldiaren bideoa ikusgai. Bitartean, hemen atzoko solasaldiko esan batzuk:

Luistxo Fernandez: 

  • "Kazetaritzak datozen urteetan euskarri ekonomikoa edukiko duen ez dago batere argi"
  • "Uztarriak ondo eginiko webgunea dauka. Hasieratik izan du parte-hartze handia, anonimoena"
  • "Orain perfil pertsonal gehiago sortu dira. Horrek kazetariari lana erraztu egin dio, informazioa antolatzea erraztu"
  • "Interneten ere herri informazioa egin daitekeela erakutsi du Uztarriak. Eta informazio lokala egitea oso zaila da"
  • "Medio lokal batean zaila da kazetaritza egitea. Ez dut uste kazetaritza oso ikertzaile eta sakona egin daitekeenik"
  • "Paperaren eta Interneten integrazioan pauso handienak egin dituztenak dira Berria eta Argia"
  • "Paper mota asko dago. Egunkariak ez du etorkizunik, gero eta gutxiago saltzen dira. Nik abandonatu dut"
  • "Euskararen oraina kokatzen da hedabideetan, eta militantziaz egin behar da lana. Militantziari balioa eman behar zaio"
  • "Kazetariek gaur egun Twitter erabili behar dutela uste dut, bai"
  • "Lanean ez bada poltsikoan, informazio pantaila potentzial bat dut etengabe eskura"
  • "Eguerdiko Teleberriaren bideoa ikusi beharrik ez daukazu, lanean edo mugikorrean ikusi duzulako"
  • "Twitter ondo dago kazetaritzarako tresna moduan. Ni albisteez Twitter bidez enteratzen naiz"
  • "Kazetaritzan nahiko zentrala bihurtu da Twitter. Aldiz, paperezko egunkariak hiltzen ari dira. Nik ez dut erosten"
  • "Buloak zabaltzea oso erraza da sareetan, eta bulo ez direnak kokatzea ere bai, batzutan" Dukesa-pintxoa adibide.
  • "Krisi hau EHra ekarrita dramatikoa da, euskarazko egunkari nazional bakarra daukagulako"
  • "Irakurle ohi eta erosle ohi bezala, kezkatu egiten nau euskarazko egunkariaren etorkizunak"

Enekoitz Esnaola:

  • "Sare 'sozialena' komatxo artean jarriko nuke, sare teknologikoak dira gehiago"
  • "Zer eta nola komunikatu ondo jakin behar duzu aurrena"
  • "Filtro lanik ez da egin behar. Aukera ematen baduzu parte hartzeko, irainik-eta ez bada, onartu egin behar da"
  • "Elkarte bati webean bere gauzak sartzeko aukera ematen badiozu, sartzen duena onartu behar duzu eta aurrera"
  • "Distantzia, pluraltasuna, sentsibilitate politiko eta sozialak... Hor epaitu behar da kazetarien lana"
  • "Euskal Herriko hedabideetan, oro har, maila ona dagoela uste dut"
  • "Aurten sartu naiz Twitterren, baina nik ez nuen Twitterren beharrik. Kazetaritzaren beharra bai"
  • "Twitterrek manipulaziorako aukera ematen du. Bai, beharrezkoa da, baina ondo erabili behar duzu"
  • "Sareek sinesgarritasun txikia dute, mezuak komunikabide batek edo izen-abizenez sinatuta ez badatoz"
  • "Gero eta egunkari gutxiago saltzen dela, bistan da. Podemos ez litzateke posible orain 10 urte, sarerik gabe"
  • "Frankismoaz geroztik boterean egon direnek bai egon beharko luketela kezkatuta"
  • "15.000 karaktereko artikulua ez duzu irakurriko Interneten, baina beharrezkoak dira"
  • "Kobratu edo ez, sustapena asko-gutxi... Beste fase batean sartu behar, euskal komunitatea aintzat hartuz"
  • "Gutxieneko estilo liburu nazional bat egin behar dugu. Hitzekin pentsamendu eta mentalitate bat sortu"
  • "Hedabide denentzat balio du: kazetaritzaren balioez gain estiloa eduki behar dute hedabideek"
  • "Kazetaritzako balioak lantzeaz gain, estilo bat landu behar da, hemen edo CNN-n"
  • "Transmititzen jakin beharra dago"

Nekane Zinkunegi:

  • "Informazioa kontsumitzeko modua aldatu da eta hor dugu erronka. Orain berehalakotasunak du garrantzia"
  • "Berehalakotasunak berebiziko garrantzia hartu du. Hartzaileak pasibo izateari utzi dio"
  • "Uste dut Uztarriak parte-hartzean aldaketak sartzerakoan asmatzen jakin duela"
  • "Ni Twitter-adiktoa naiz, garbi esanda. Interakziorako aukera ematen du, hartzaile izan daitekeen horrekin"
  • "Ezin da edozer informazio baliogarri bezala hartu. Kazetariok balantza erabiltzen jakin behar dugu"
  • "Kazetarien erreferentzialtasuna bultzatzeko ere tresna oso ona da Twitter"
  • "Informatzeko era aldatu da, eta informazioa jasotzeko era ere bai. Zuk erabakitzen duzu zer jaso"
  • "Sareen sinesgarritasunarena erlatiboa da. Edozein filtrazio ere kontrastatu egin behar da"
  • "Bizirauteko modura moldatu behar da papera. Kadukatu gabeko edukiak behar dira, beste buelta emandakoa"
  • "Gazteek periodiku bati ez diote inolako erakargarritasunik topatzen"

  • "Euskaltzale xede taldea denontzat berdina da euskal hedabideen kasuan. Kezka sortzen dit egoera horrek"
  • "EH aintzat hartzen dugun hedabideak oso lehiakorrak gara, esklusibo zaleak. Hori atzean utzi behar dugu"

Lander Arbelaitz:

  • "Egunero milioika albiste sortzen dira. Hedabideon lana filtro lan duina egitea eta informazioa sortzea ere bada"
  • "'Komunitatea'-ren atala ideia ona da, baina hori informazioa da, eta albistea beste zerbait da"
  • "Twitter, Facebook... enpresa erraldoiak dira, ez dira aingerutxoak. Hori ere kontuan hartu behar da"
  • "Internetekin parte hartzea demokratizatu zen"
  • "Sare sozialekin lehen aldiz edozeinek dauka nahi duen mezua nahi duenari bidaltzeko aukera"
  • "Paperak badu etorkizuna. Egokitu beharko da produktua. Internetek pisu gehiago izango du, baina funtzioa izango du"
  • "Eduki onak eskaintzea da oinarria. Gero, finantziazio bideak nola landu, hor dago pastela"

  • "Diskurtsoa asmatu behar da, Interneten egiten dugun lan horrek ere garrantzia daukala azaltzeko"

  • "Hedabideak estrategikoak dira agenda markatzen. Eta gaur egun EHn badakigu zeinek markatzen duten agenda"
  • "Gure Esku Dagoren giza-katerako elkartu ginen hogeita gehiago euskal hedabide. Materiala partekatu genuen"
  • "EHko agenda guk eta EHko ikuspuntutik markatzen saiatu behar dugu. Hori dugu erronka"
  • "Elkarlana garrantzitsua da. Euskal hedabideek elkarlana behar dute. Ez dira konpetentzia"
  • "Euskaraz ari garen kazetariak hizkuntzaren aldeko ekintzaileak gara. Ardura eta ilusio handia da"

15 urte bete ditu Uztarria Azpeitiko herri aldizkariak hilabete honetan. Horren harira antolatu du mahai-ingurua Uztarria Komunikazio Taldeak. Bihar, osteguna, Uztarriaren ibilbidea jasotzen duen Mugarria ikus-entzunezkoa aurkeztuko du Uztarria Komunikazio Taldeak 19:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean.