Inauguratu dute Ildefonso Gurrutxaga kalearen eta Garate Anaia auzoaren arteko igogailua

Uztarria.eus 2014ko aza. 28a, 12:05

Denon Artean prozesu parte-hartzailean herritarrek egindako eskaerari erantzunez, Ildefonso Gurrutxaga kalearen eta Garate Anaia auzoaren artean dauden eskaileren ondoan igogailua jarri du Udalak. Dagoeneko martxan da igogailua, baina atzo, osteguna, inauguratu zuten Udal ordezkariek Imserso eta Fundacion Onceko kideekin batera. Bi erakunde horiek diru-laguntza eman dute lanak egiteko. Igogailua jartzeko lanen aurrekontua 200.000 eurokoa izan da, horietatik 100.000 euro Udalak jarri ditu, 95.000 euro Imsersok eta Fundacion Oncek, berriz, 6.000 euro.

Azpeitiko Udalak eskerrak eman dizkie bi erakundeei eta aurrerantzean ere elkarlanean aritzeko asmoa agertu du: "Herritarren beharrak asetzeko gaude, are gehiago horrelako irisgarritasun arazoak daudenean. Urte luzez irisgarritasun arazoak izan dituen auzoa da Garate Anaia eta bizilagunek eskailerak edo aldapa zituzten auzora iristeko".