'Egunkaria auzia', injustizia eta elkartasuna iruditan

Uztarria.eus 2014ko aza. 28a, 20:37

Egunkaria auziari buruzko erakusketa jarri dute Sanagustin kulturgunean. Bertan ikus daitezke auziko irudi batzuk (hogei hautatu dituzte: azpeitiarrak ageri dira erdietan, orokorrak dira beste hamarrak), herritarrek hedabideari zein langileei eskainitako babesa edota epaiketan bizi izan zituzten zenbait une. Egunkaria-ko azpeitiar langile ohiek osatu dute erakusketa, eta haietako batzuk ageri dira Sanagustinen ikusgai dauden argazkietan. Irudiak abenduaren 9a bitartean egongo dira ikusgai.

Egunkaria-ren auzi ekonomikoa artxibatu egin zuten behin betiko, urriaren 14an. 2003ko otsailaren 20an hasi zen Egunkaria auzia, eta 11 urte igaro dira ordutik. Euskarazko kazeta azpeitiar langile ohien esanetan, auzia amaitu da, baina ez "injustizia". Erakusketarekin batera jarritako oharrean, eskerrak eman dizkiete herritarrei, eragileei eta udalari, "handia" izan delako urte haietako jasotako "babesa eta berotasuna". "Euskaldunok hedabideen bidez ere euskaraz bizi gaitezen lan egiten eta sustatzen segituko dugu guk", adierazi dute.

Honakoak dira Egunkaria-ko langile ohi azpeitiarrak:

  • Jose Luis Aizpuru.
  • Leire Aramendi.
  • Ion Aranburu.
  • Iban Arregi.
  • Mikel Arregi.
  • Mikel Azkune.
  • Estitxu Elduaien.
  • Oihana Elduaien.
  • Enekoitz Esnaola.
  • Eneko Etxeberria.
  • Amagoia Gurrutxaga.
  • Xabier Iturria.
  • Asier Legarda-Ereño.
  • Xebaxtian Lizaso.
  • Ana Unanue.
  • Kike Zurutuza.

Espainiako estatuak kazeta itxi zuenean, ohar hau argitaratu zuten langileek:

"Itxi egin digute Egunkaria. Baina Egunero atera dugu. Eta Egunero ixten badigute, euskarazko beste egunkari bat aterako dugu. Ez dio inporta izenak, izanak baizik. Eta Egunkaria-ren izan horrek ematen dio min Espainiako Estatuari. Euskal Herriaren burujabetzarako ezinbesteko tresna delako euskarazko prentsa".