Santo Tomas, aitzakiarik gabe

Uztarria.eus 2014ko abe. 21a, 15:24
Itxura hau zuen plazak 12:00etan, udaletxeko balkoitik. Gerora gehiago bete da.

Eguerdian jendetza ibili da plazan eta inguruko kaleetan, eguraldi ezin hobea baliatuta. Goiz-eguerdiak askorako eman du, baina iluntzea arte ez du etenik izango festak.

Apropos eskatuta ere hobea nekez izango litzatekeen eguraldiak, igandea izateak eta abenduaren 21aren berezko xarmak bat egin dute gaurkoan, Santo Tomas eguneko festa giroa borobiltzeko.

Eguerdia pasatxo arte nahikoa lasai ibili dira plazaren bueltan jarri dituzten txorizo, talo, gainerako edari eta jakien salmentarako zortzi postuetan; berritze lanengatik azken asteetan hankaz gora dabilen plazako zorua ere behin-behinean atondu dute gaurko jai egunerako. 12:30etik aurrera, ordea, lanak ematen zituen plazan bereziki, baina inguruko zenbait kaletan ere bai, bi pauso jarraian emateak.

Azoka plazan ere obratan ari dira, baina hantxe jarri dituzte salmentarako postuak inguruko zein urrutitxotik etorritako baserritar eta artisauek. Produktuak erakutsi edota saltzeaz gain, zenbait kasutan dastaketarako aukera ere eman du neguko azoka bereziak.

Bandaren, trikitilarien, ttuntturroen eta Gaztetxeko sagardozaleen kalejirek girotu dute goiz-eguerdi osoa; baita plazako kioskoan aritu diren bertsolariek ere. Bien bitartean, udaletxean, aurtengo Euskal Antzerki Topaketen saria jaso dute Lakrikun taldekoek. Eta erdialdeko bi frontoietan, beste horrenbeste hitzordu garrantzitsu: Frontoi Txikian Patxi Azkargortaren Omenezkoaren finalak, Azkargorta zenari eskainitako omenaldi eta guzti; eta Izarraitzen, herri kirol jaialdia, Aimar Irigoienen marka hobetze saiakerarekin.

Dantzariak eta musika

Eguneko festa egitarau ofizialaren ia ekitaldi denak eguerdian kontzentratu diren arren, arratsalde-iluntzerako ere geratuko da zerbait. Hona hemen:

  • 18:00etan Gazteen Azpeitiko XIV. Dantza Suelto Txapelketa. Amets Amubieta eta Maialen Aldalur omenduko dituzte bertan.
  • 20:00etan DJ Bull, Orkatz tabernan.