Ate irekiak zapatuan Gaztelekuan, Jolastek egitasmoa aurkezteko

Uztarria.eus 2015ko urt. 23a, 19:21
Jauzikako eta Urolabeko kideak, Jolastek-en erabiliko duten materiala aurrean dutela. (GIB)

Urtarrilaren 30ean jarriko dute abian Jauzika eta Urolab elkarteek elkarlanean osatutako ikastaro eskaintza. Teknologia berrienak modu kooperatiboan nola landu ikasi ahal izango dute gazteek; Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago. Bihar, berriz, ikastaroetan erabiliko den materiala ezagutzeko aukera emango zaie.

Urtarrilaren 30ean hasi eta ekaina bitartean, ikastaro eskaintza berria eskura izango dute Azpeitiko Bigarren Hezkuntzako ikasleek herriko Gaztelekuan. Jauzika eta Urolab elkarteek elkarlanean garatu eta osatu duten Jolastek egitasmoaren baitan, teknologia berrienak modu kooperatiboan lantzeko aukera izango dute gazteek, 'egiten ikasi' fiolosofia erabiliz.

Eskaintza berriaren aurrerapen eta aurkezpen gisara bihar, zapatua, ate irekiak izango dituzte Gaztelekuan, ikastaroetan erabiliko den materiala ezagutzeko aukera izan dezaten.

Jolastek-en barruan, hiru ikastaro antolatu dituzte:

  • Robotika laborategia: elektronikaren oinarrietatik abiatuz, robota muntatu eta programatzeko aukera izango dute ikasleek, urtarrilaren 30ean hasi eta martxoaren 6an amaituko diren saio hauetan.
  • Bideojokoen tailerra: bideojokoak egiteko programazio ezagupenak jaso eta ikasleen irudimena landuz, joko propioak sortzeko aukera. Martxoaren 13an hasiko litzateke bigarren ikastaro hori eta maiatzaren 15ean amaitu.
  • Hiru dimentsioko inprimagailuak: ordenagailu bidezko diseinuaren oinarriak jaso eta landuko dira. Ondoren, inprimagailu horien bidez marrazturiko diseinuak errealitate bihurtzeko aukera egongo da. Maiatzaren 22an hasi eta ekainaren 19ra arte.

Ikastetxe ezberdinetako gazteak bilduko dira Gaztelekuan ostiral arratsaldetan robotika, bideojokoak eta hiru dimentsioko inprimagailuak erabiltzen ikasteko.

Izen-ematea eta informazioa

Lehen ikastarorako izen emate epea urtarrilaren 26an amaituko da. Ikastaro bakoitzak 30 euroko kostua izango du eta harremanetan jartzeko Gazte Informazio Bulegora gerturatu edota 943157160 telefonora deitu daiteke.

Eskaintzari buruzko informazio osatua www.jolastek.eus webgunean ere aurkitu daiteke.