'Uda gau bateko ametsa' taularatuko du Zestoako Eromen Produkzioak taldeak ostiralean, Soreasun

Uztarria.eus 2015ko urt. 28a, 12:17
Eromen Produkzioak taldeko lau azpeitiarrak entsegu baten ostean. (Eneritz Albizu)

Uda gau bateko ametsa taularatuko du etzi, ostirala, Eromen Produkzioak Zestoako antzerki taldeak Soreasu antzokian, 21:30ean hasita (emanaldirako sarrerak salgai dira dagoeneko Sanagustin kulturgunean sei euroren trukean. Egunean bertan zortzi euro ordaindu beharko da). Azpeitiarrek eta zestoarrek osatzen dute Amancay Gaztañaga Eromen Produkzioak taldeko zuzendariak gidatzen duen taldea. Duela lau bat urte hasi zen martxan antzerki taldea, eta Shakespeare-ren obra joan den ekaineko ikasturte amaierako jaialdirako prestatu zuten. Uztarria.eus-ek antzerki taldeko lau azpeitiarrekin hitz egin du: Estitxu Elduaienekin (Azpeitia, 1977), Ainhoa Casinarekin (Azpeitia, 1978), Leire Egañarekin (Azpeitia, 1976) eta Amaia Odriozolarekin (Azpeitia, 1984).

Zestoatik kanpo antzezten duzuen aurreneko aldia da?
 
Bai. Interpretazio eskolan lau urte daramatzagu dagoeneko, baina Zestoatik ez gara atera sekula. Bertan egin ditugu emanaldi guztiak, eta beno, esan dezakegu estreinaldi moduko bat badela ostiralekoa guretzat, betiko tokitik eta babesetik aterako garen aurreneko aldia izango delako.
 
Lau azpeitiar, behintzat, bazarete taldean, eta zuek etxean ariko zarete...
 
Berezia izango da Azpeitian, Soreasun, aritzea. Egia da Zestoako emanaldietara azpeitiarrak joan izan direla, etxekoak, lagunak eta bestelakoak, baina orokorrean Azpeitian gutxik ezagutzen dute gure taldea eta gure obra, eta alde horretatik berezia izango da. Ilusioa egiten digu etxean aritzeak, baina urduri ere bagaude, normalean kritiko handienak etxekoak direla esaten dutelako! Gainera, Soreasu antzokia benetan handia eta profesionala da, eta gu horrelako azpiegituretara ohitu gabe gaude. Ilusioz eta gogoz beteta gaude, eta espero dugu herritarrei gustatzea.
 
Shakespearren obra hori euskaraz egiten den lehenengo aldia da, ezta?
 
Hala da. Obra hau euskaratu gabe zegoen orain arte, eta gure zuzendariak, Amancay Gaztañagak, sekulako lana egin du obra itzultzen. Izan ere, testu klasikoak euskaratzea ez da batere erraza. Shakespeare klasiko bat da, baina gutxi dira euskaratuta dauden bere obrak, eta alde horretatik gure ekarpena egiten saiatu gara. Hori bai, gero jakin dugu Donostia 2016aren barruan ekimen berezia egiten ari direla justu obra hori euskaratzeko! Askoz proiektu handiagoa da hura, baina gure zuzendariak bere apaltasunean jada eginda du lan hori, eta aitortu beharra dago. 
 
Uda gau bateko ametsa izena du obrak. Zeren ingurukoa da?
 
Esan bezala, William Shakespearen lan bat, komedia bat, da. Hau da obraren sinopsia: Teseo eta Hipolitaren ezkontza prestatzen ari da Atenas osoa. Gertaera horren bueltan, ordea, bestelako istorio harrigarriak gertatuko dira hiritik gertu dagoen baso batean: bi bikote gazteren arteko amodio, desamodio eta liskarrak; talentu eskaseko komediante batzuen entsegu eta eginahalak, eta basoko errege eta erreginaren arteko botere borroka, euren maitagarri eta iratxoekin batera. Maitasun, fantasia eta magiazko komedia osatuko dute korapilo xelebrez betetako istorio horiek.
 
Zenbatero elkartzen zarete interpretazio eskolan?
 
Normalean astean behin elkartzen gara. Interpretazio eskola bat da Zestoakoa, eta Michael Chejov eta William Laytonen teknikak jorratzen eta ikasten ditugu, ariketa ezberdinak egin... Gero, urtean behin, jende aurrean egiteko emanaldi bat antolatzen dugu; iazko ikasturtean landu genuen Uda gau bateko ametsa, eta aurten beste obra bat landuko dugu. Emanaldiak gerturatu ahala, ordea, entsegu gehiago egiten ditugu, eta urte hasiera honetan gehiagotan ari gara elkartzen, Azpeitiko emanaldia hobeto lantzeko.
 
Noiztik zabiltzate Zestoako interpretazio eskolan?
 
Zestoako Interpretazio eskola 2011an sortu zen, eta ordutik gabiltza bertan. Kurtsoa, izatez, hiru urtekoa zen, eta hiru urte horiek pasatu ondoren, iazko udan, antzerki taldea osatu genuen Eromen Produkzioak izenarekin. Gure antzerki taldearen aurreneko emanaldia izango da Azpeitikoa. Orain talde bezala funtzionatzen dugu, baina interpretazio eskolaren barruan.
 
Antzerkira joan edo ez zalantzan dagoena nola konbentzituko zenuteke?
 
Ondo pasatuko dutela esango genieke, parre pixkat bat egingo dutela, obrak ateraldi oso onak dituelako. Horrez gain, Shakespeare-ren obra klasiko bat euskaraz gozatzeko aukera ere izango dute, eta hori ere polita delakoan gaude. Ilusioz beteriko aktore amateur batzuen lana ikusteko modua izango dutela esango genieke: ez gara profesionalak, ezta gutxiago ere, baina maitasun eta ilusio osoz arituko gara, eta espero dugu ikusleei gustatzea. Iazko udan Zestoan hiru aldiz taularatu genuen obra eta jendeari asko gustatu zitzaion. Ea Azpeitian ere hala gertatzen den.