Angel Olabarriak irabazi du 2015eko Sokamuturra Argazki Lehiaketa

Uztarria.eus 2015ko mar. 2a, 19:09

Danak hire begira izenburudun argazkiarekin lortu du lehen saria. Juan Mari Ibarzabal sailkatu da bigarren tokian, eta Iñaki Etxenagusia hirugarren. Etxenagusiak, gainera, Inauterietako jai giroari eskainitako Iñaki Joaristi Altzarte saria ere eskuratu du. Martxoaren 7tik 22ra jarriko dute Betharramen lehiaketara aurkeztutako argazki guztiekin osatutako erakusketa.

Azpeitiko Argazki Elkarteak jakinarazi du Karnabaletako sokamuturrari eskainitako XXXVI. Sokamuturra Argazki Lehiaketaren palmaresa. 2015eko lehen saria Angel Olabarriarentzat izan da, Danak hire begira izenburudun argazkiagatik; 365 euro eta garaikurra jasoko ditu Olabarriak sari gisa. Bigarren saria (235 euro eta garaikurra) Juan Mari Ibarzabalek jasoko du, Segi kolunpiotara argazkiari esker. Sailkapeneko hirugarrena (200 euro eta garaikurra), berriz, Iñaki Etxenagusia izan da, Mugimendua lanarekin. Roman Azkuek (180 euro) eta Igor Froilanek (80 euro), laugarren eta bosgarren tokian, osatu dute aurtengo sarituen palmaresa, Larri-larri eta Eperra gogoan izeneko argazkiekin, hurrenez hurren.

Sokamuturra protagonista duten sail nagusiko irudiez gain, Inauteri giroko argazki onena ere saritzen du urtero Azpeitiko Argazki Elkarteak, Iñaki Joaristi Altzarte elkarteko kide zenaren izena daraman sariarekin. Aurten sari hori (150 euro eta garaikurra) Iñaki Etxenagusiak irabazi du, Simpsontarrak argazkiarekin.

Martxoaren 7tik 22ra jarriko dute Betharramen lehiaketara aurkeztutako argazki guztiekin osatutako erakusketa.