Korrikaren triki-bertso bazkarirako txartelak gaur jarriko dituzte salgai Sanagustinen

Uztarria.eus 2015ko mar. 5a, 17:30
Korrikaren Triki-bertso bazkariaren kartela.

Bazkaria Sanagustinen bertan izango da martxoaren 22an, igandea, Korrika Azpeititik igaroko den egunean. Martxoaren 19a arte erosi ahalko dira txartelak. Kopurua mugatuta dago.

Azpeitiko Korrika Batzordeak gaur, osteguna, jarriko ditu salgai Sanagustin kulturgunean Korrika Kulturalaren baitan antolatutako triki-bertso bazkarirako txartelak. Bazkaria Sanagustinen bertan izango da martxoaren 22an, igandea, Korrika Azpeititik igaroko den egunean, 14:00etan. Agin Laburu eta Nerea Elustondo bertsolariek eta Josune Arakistain eta Julene Otegi trikitilariek girotuko dute hitzordua.

Martxoaren 19a arte erosi ahalko dira txartelak. Kopurua mugatuta dago. Hiru prezio ezberdin dituzte sarrerek: 25 euro helduenak, 20 euro langabetu eta ikasleenak, eta 12 euro umeenak.