Erriberrira eta Azagrara ibilaldia egingo du Baigerak martxoaren 18an

Uztarria.eus 2015ko mar. 6a, 16:58

Izena eman nahi dutenek hilaren 11 arte egin dezakete jubilatuen elkartearen bulegoan, 10:30etik 12:30era.

Baigerak txango berria antolatu du hil honetarako. Nafarroara joango dira Azpeitiko jubilatuen elkartekoak, Erriberrira eta Azagrara hain zuzen ere, martxoaren 18an.

Ibilaldian parte hartu nahi dutenek zabalik dute jada izen-ematea. Hilaren 11n bukatuko da epea eta Baigeraren bulegoan egin behar da, 10:30etik 12:30era. Txartelaren prezioa 30 euro dira.

Martxoaren 18an, San Martin egoitzaren aurretik aterako da autobusa, 08:30ean. Erriberrira 10:30 aldean iritsita, upategi bat eta gaztelua bisitatuko dituzte azpeitiarrek. Handik Azagrara joango dira eta, herria bisitatu ondoren, bertan bazkalduko dute; bazkalondoan bingoa eta dantza saioa ere izango dituzte. Arratsaldean, etxerako bueltan, Iruñean ere egingo dute geldialdia.