Azpeitiko Udaleko Festa Batzordeak hala erabakita, hurrengo urteko San Sebastian eguneko umeen danborradako karroza Nekane Azpiazu azpeitiarrak egingo du. Udalak jakinarazi duenez, aurten herritarrek bi proiektu aurkeztu dituzte lehiaketara, eta epaimahaiak Azpiazurena aukeratu du, proposatutako gaia "modu egokian, profesionalean eta eguneratuan" aurkeztu duelako. Horrenbestez, 1.500 euroko saria eskuratu du azpeitiarrak.
Lagun Onak Futbol Taldea 75 urte. 1944-2019 izango da sansebastianetan herriko kaleetan barrena ikusi ahal izango den karrozaren gaia. Izan ere, datorren urtean 75 urte beteko dira futbol taldea sortu zela.
Bigarren urtez jarraian irabazi du Azpiazuk San Sebastian eguneko karroza lehiaketa. Izan ere, epamahaiak hark aurkeztutako lana aukeratu zuen iaz ere. Aurten Azpeitiko sokamuturrak 500 urte bete dituela eta, urteurren hori gaitzat hartutako karroza diseinatu zuen orduan Azpiazuk.
Horrez gain, Udalak eskerrak eman dizkie proiektuak aurkeztu dituzten guztiei, "egindako ahaleginagatik eta lehiaketan parte hartzeagatik".