"Urrats bat haratago egitea beharrezkoa"

Uztarria.eus 2007ko mai. 17a, 14:03

Mikel Balentziaga Kontseiluko kidea izan zen atzo (asteazkena) Sindikatu Zaharrean hitzaldia ematen, Uztarriak antolatuta. Kontseiluak aurrera eramandako Udalen hizkuntz politika izan zuen hizpide eta Azpeitiko Udalak emaitzarik onena (6,827 puntu) lortu izanaz ere mintzatu zen. Azpeitiak, besteekin alderatuta, "egoera hobea" bizi badu ere, "urrats bat haratago egin eta Udala eragile bihur dadin" eskatu zuen Balentziagak. Ildo beretik, jakinarazi zuen neurketa ondoren "zenbait udalerri neurriak hartzen hasi direla" baina, oro har, "hizkuntz politikak motel" doazela. Kontseiluko kideak "herriz herri aldarrikapen taulak osatzea" proposatu zuen. Taula horretan neurtuko lirateke hizkuntza eskubideen bermea, normalizaziorako hartu beharreko erabaki estrategikoak, eta ordenantza eta erabakien betetzea. Uztarriaren 24. hitzaldia izan da. Argazkian, Balentziaga, hitzaldia ematen. Informazio gehiago