Leire Ostolaza sailkatu da finalerako

Uztarria.com 2002ko mar. 2a, 13:03

Bertsolari Gazteen I. Erniarraitz Sariketa

Atzo, Azkoitiko Kultur Etxean Bertsolari Gazteen I. Erniarraitz Sariketako lehen finalerdia izan zen. Garaile Leire Ostolaza azpeitiarra suertatu zen, ondorioz zuzenean martxoaren 23an Azpeitian izango den sariketako finalera pasako da.

Azkoitian izan zen Bertsolari Gazteen I. Erniarraitz Sariketan zortzi bertsolari aritu ziren: Iñigo Manzisidor Mantxi, Aritz Aranburu, Gorka Iribar, Urko Egaña, Oskar Alberdi, Leire Ostolaza, Ruben Gorrotxategi eta Iñigo Izagirre. Aurkezle lanetan berriz, Ixabel Jauregi aritu zen. Azkenean, Leire Ostolazak jaso zituen puntu gehien, 221,5 puntu, eta Azkoitiko Udalaren garaikurra jaso eta zuzenean finalerako sailkatu zen. Bi finalerdietako, datorrena martxoaren 8an izango da Zestoan, irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalerako eta gainontzeko seiak lortutako puntuazioaren baitan pasako dira.

Giroa ezin hobea izan zen Azkoitiko Kultur Etxean, gainezka izan baitzen, eserleku guztiak beteta eta jende mordoxkak zutik jarraitu zuen bertso ekitaldia. Iluntzeko 22:00ak aldera hasi zen saioa eta 00:50ak arte luzatu zen. Bertsolari gazteengan urduritasuna bistan izan zen saio guztian zehar, batzuek lasaixeago zeuden itxura eman bazuten ere. Bertso saio polita eta jendea gustora gelditu zen bertsolari gazteek egindako lanarekin.

Azkoitiko saioarekin abiatu zen Erniarraitz sariketa, eta orain hurrenez hurren Zestoakoa eta Azpeitiako finala izango dira. Mantxik atzo Azkoitiko saioan bertsotan esan bezala, "txapela badaukagu, falata da burua".

Azkoitian bertsolariek jasotako puntuaketa:

  1. Leire Ostolaza 221,5 puntu
  2. Iñigo Manzisidor Mantxi 197 puntu
  3. Iñigo Izagirre 196,5 puntu
  4. Aritz Aranburu 190,5 puntu
  5. Oskar Alberdi 182 puntu
  6. Urko Egaña 169,5 puntu
  7. Ruben Gorrotxategi 169 puntu
  8. Gorka Iribar 155 puntu